Ongi pentsatzen baduzue, gure bizitzaren momentu garrantzitsuenak mahaiaren inguruan ospatzen ditugu: jaunartzeak, ezkontzak baita hiletak ere.Duela gutxi "sabela betea, bihotza pozik" sentsazio hori lantzen zuen filma estreinatu zen: Julia & Julie (2009). Paris eta New York artean, Nora Ephronek Ipar Amerikako sukaldari gogoratuenetariko baten istorioa kontatzen digu: Julia Child (Meryl Streep). Sukaldea, modu berean ikasi eta maitatua izan daitekeela konbentzituta, Julia Parisen bizi eta dastatu zuen, 50eko hamarkadan, sukalderantz bidea irekiz, ez etxeko gaitasun baten moduan norbanakoaren denbora pasa bat bezala baizik. Berrogeita hamar urte beranduago, aitzitik, Julie Powell (Amy Adams), inoiz lo egiten ez duen hirian, sukaldea bizi salbamendu bat bezala erabiltzen du beharrezkoa baina batere gustukoa ez duen lan baten ondoren. Desberdintasunak egon arren, filmak zenbait paralelismo azaltzen ditu, guztien artean niretzat gogokoena: protagonistak, ongi jatearen maitaleak, plater bakoitza misterio bat, nahasketa magikoa zela ados zeuden. Horrela, plater zailenak ez ziren zertan hoberenak izan, nahasketengatik zelako. Ogia eta gurina bezala, biak oso gauza sinple- sinpleak, baina elkarrekin oso goxoak. Horretan sinetsiz, Juliak eta Juliek bere bikoteei hurrengoa aitortzen diete: "nire ogiaren gurina zara".Niri galdetuko balidate, bazkal ordua da gehien faltan botatzen dudana unibertsitatera itzultzen naizenean. Bakardadean bazkaltzeak isiltasunaz ohartzera behartzen zaitu, baina inoiz ez disfrutatzeaz. Zaratak, sukaldariari kritikak, goraipamenak eta kexak, egunaren laburpenak, ura zerbitzatzean ateratzen den soinuak, gauza txiki hauek guztiek bazkaria erritual bihurtzen dute. Garrantzitsuena ez da zer jaten dugun baizik eta norekin.Jakintsuek diote egunean bost aldiz jan behar dela. On egin!