TONY BLAIR HISTORIAREN AURREAN

Raf Atxuri 2010ko ots. 12a, 00:00

Irakeko inbasioak eta guduak euren gordinean dirauten honetan Tony Blairrek hitzordu bat izan du historiarekin. Epaiketa baino azterketa bat egin diote hainbat adituk Erresuma Batuko lehendakaria izandakoari.Galdeketa saioa ez da inozoa izan baina ileak gehiegi laztu gabe onik  eta eroso atera da Blair. Egintzak eta kronologia oso ezagunak dira: petrolioaren ustiakuntza, Iran-Iraken arteko gudua, Kuwaiten inbasioa, Golkoko gudua, Dorre Bikien errausketa, Afganistan, Irak berriro suntsitu eta okupatu zutenekoa... Azken honetan Blairrek ( Alberdi Laboristako hainbat kide aurka zituela) erantzukizun mardula hartu zuen eta Bushen  gudukide leial eta oldarkorra izan zen. Kontuak kontu urte asko igaro gabe jakin zen ez zegoela suntsitze ahalmen handiko armategirik baina  ez britainiarrek ezta AEBetako herritarrek ez zituzten beren diseinuzko trajeak amorruz eta lotsaz urratu.Izan ere Blairrek egunotan egindakoaren zilegia berretsi du. NBEk baimendu gabeko gudua izan zela? Bost. Iragarritako arma zitalik ez zegoela inon ere? Tira...  Blairengan damu arrasto ziztrinik ez, dolurik ez, mea culpa ttikienik ere ez. Sadam Hussein erditik kendu beharra zegoen eta Irakendako etorkizun gizatiarra eraiki behar zen. Hussein bota bai, baita garbitu ere, eta harekin batera dozenaka edo ehundaka  milaka irakiar, baita 178 britainiar soldadu.Irakeko orainaz eta geroaz, berriz, zer esan ?  Gaurko mota guztietako miseria gorriak eta  desegituraketa sozial sakonak biharko Iraki justizia, ogia, askatasuna,  buruestima edo demokrazia ekarriko dio?  Iraki ez dakigu baina Bush eta Blairen ondareei dagoeneko askotxo ekarri die.