Euskal Preso Politikoen Kolektiboak borrokaldi fase berri bati ekin zion urte hasierarekin batera. Komunikazio greba lehenengo, itxialdia ondoren, ekintza ezberdinak eta gose greba etorri ziren gero. Horrela joan zen urtarrila; aurrez aurreko bisitarik gabe. Eta hainbat ekimen ezberdinez osatzen ari dira otsaila; borrokaldi ezberdinak eramango dituzte aurrera hurrengo hilabeteetan. Euren eskubideen defentsan ari dira tinko eta duintasunez. Ez zaie beste biderik geratu. Sakabanaketa, Bizi Osorako Zigorra, gaixo larriekiko tratu kriminala, isolamendu eta bakartze egoerak, kolpeak, mehatxuak, irainak, probokazioak, komunikazioen bortxaketa, espetxe aldaketa arbitrarioak, etab. Hori nahikoa ez eta kanpoan elkartasuna kriminalizatzen ari dira, senide eta lagunon aurkako jazarpena areagotzen. Ehunka bisita lapurtu dizkigute azken asteetan: katxeatu eta umiliatu nahi gaituzte, gure duintasuna zapaldu. Politika horrek euskal preso politikoekin amaitu nahi du, pertsona eta subjektu politiko modura, presoak dituen komunikazio guztiak eten, presoa inolako kontaktu fisiko eta lotura afektibo barik utzi, presoak moralki suntsitu. Horrekin guztiarekin amaitzeko ordua da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak horretan jarri ditu bere indarrak. Guk ere ez ditugu gure senide eta lagun presoak inolaz ere bakarrik utziko. Kaletik, auzotik, herritik, ikastetxetik, lantokitik, unibertsitatetik eta gauden tokitik gure berotasuna eta babesa helarazi behar diegu. Babesa, testigantza eta salaketa, hori da gure jarduna. Ukitu beharreko ate guztiak ukituko ditugu. Arartekoarengana itzuliko gara, instituzio ezberdinekin bilduko gara, kaleak gure egingo ditugu, hurrengo asteetan Europako hainbat herri bisitatuko ditugu... gure esku dagoen guztia egin behar dugu eta egingo dugu! Indarrak bildu eta pauso zehatzak emateko garaia da.