Haitiko egoera hain da lazgarria eta ikaragarria, astuna izan arren, berriro horri buruz idatzi nahi dudala hilabete honetan. Bizi duten egoera ez da gertatzen lurrikara bat izan delako, behartsuak jo dituelako baizik. Estrukturarik gabeko gizartea, huts eginiko estatua. Ondorioak, hondamendiak.Egoera hau bera Asiako eta Ertamerikako beste lurralde batzutan lehen ere gertatu delako ezagutzen dugu. Errepikatzen den beste kontu bat da, besterik ez. Japonen izango balira lurrikara hauek, ez litzateke horrelako hondamendirik gertatuko eta ez litzateke beharrezkoa izango Estatu Batuetako armada bertara joatea. Japonek berak konponduko lituzke, konpondu beharrekoak. Agian, larrialdi batzuei erantzun azkar eta eraginkor bat emateko laguntzaren bat beharko lukete, baina besterik ez.Jada egunkarietako lehenbiziko orrietatik desagertu dira Haitiko egoerari buruzko berriak. Badaude komunikabideetan interesa egun batzuetan bakarrik erakar dezaketen horrelako berriak. Lurrikararik handiena gure munduko biztanleen gehiengoak sufritzen duen pobretasuna da.Jendea astiro hiltzen da ez bat- batean eta horrek ez du egunkarietan argazki bat ere merezi. Komunikabide arduratsuek eta politikoek ere gure kultura ziniko honen ordezkariak direla argi eta garbi adierazten dute. Zergatik ez genekien Haitiko errealitatea lurrikara gertatu baino lehen? Inon ez zelako azaltzen, Zergatik ez da ia-ia agertzen komunikabideetan Afrikako errealitatea? Erantzuna erraza da. Interes ekonomiko oso sakonak daudelako guzti horren azpian.Bi sentimenduren artean mugitzen naiz errealitate hauek begiesten ditudanean: batetik nahigabea, bihozmina, ezintasuna, arazo hauek konpontzeko erraztasun eza; bestaldetik, erraietatik ukatzea gertatzen ari diren mugimenduen eta ekintzen sinesgarritasuna. Zergatik? Egiazkoak ez direlako. Gure elkartasunak, eskaini dugunak eta martxan jarriko dugunak, oso aberatsak garen Europa eta Estatu Batuetako biztanleoi, ez digulako inola ere eragingo, ezta daramagun bizitza motari ere.Soberan dugunarekin eskaintzen dugu elkartasun hori: eta soberan asko daukagulako, eta jende asko garelako diru pilotxo bat lortuko dugu. Eta zer? Hau itxurakeria!