EREDU BAKARRA ETA EUSKALDUNA!

Euskal Herrian Euskaraz 2010ko ots. 26a, 00:00

30 urte daramatza EHEk herria berreuskalduntzeko borrokan tinko, eta urte guzti hauetan asko eta asko izan dira eskolen aferan eman diren eta gaur eguneraino heldu diren erasoak eta iruzurrak. Euskarak bere herrian, Euskal Herrian, bizi duen egoera ez da euskaldunok behar eta nahi duguna. Euskaldunonak ez diren interesak babesten dituzten menpeko gobernuen eskutik, euskara eta euskaldunok bigarren mailako izatera kondenatzen gaituzten menpeko hizkuntza politikak jasan eta pairatu behar ditugu. Euskarak lehentasunezko izaera behar duen honetan aipatu menpeko politikek erdaren nagusitasuna mantentzea, errotzea, trinkotzea eta atzeraezin bilakatzea beste helbururik ez dutela. Esandakoa garbi erakusten duen alorra da irakaskuntzarena. Eskolatik hasita nahi dute ekin herri euskaldunaren etsaiek.Nafarroa Garaiaren kasuan euskaldunon hizkuntza eskubideak hiru eremutan zatikatzen dituen Vascuenceren Legearen gerizpean arituz, asko dira euskararen kontra abiatu dituzten eraso eta iruzurrak. HELLO haur eskoletatik hasi, TIL ereduko ikastetxeetatik jarraitu eta lanbide heziketetatik pasatuz, Nafarroako Unibertsitate Publikora bidean, zenbatezinak dira ikasleen hizkuntza eskubideen urraketak. Altsasun Lanbide Heziketa eta A ereduko ikastetxeak ditugu horren adibide, "gurasoen aukeratzeko eskubidea" delakoaren izenean. Jakin badakigu, gurasoek nahi ala ez, ikasleena dela euskaraz ikasteko eskubidea, baina hori ez digu bermatzen Gobernuak, ez.EHEk argi dauka zein den bere bidea, Euskal Herria euskalduna eraikitzeko bidean urratsak eman eta herri euskaldunaren aurkako erasoei aurka egitea. Hizkuntza ordezkapenaren aurrean, euskaraz bizitzeko ezinbestekoa den Euskal Herri osorako ofizialtasunean zein hizkuntza politika burujabeetan oinarritutako eta euskaldun eleanitzak sortu eta heziko dituen eredu bakarra eta euskalduna aldarrikatzen dugu.