Beriainek, Urbasa-Handiak eta Aralarrek besarkatzen dute gure bailara; 28 herrik ematen diote izaera; gure hitza, gure egunerokoa, gure ahotsa, euskaraz janztea dugu helburu; elkarbizitza oinarri; jaiak, parrandak eta gaupasak ez dira gutxi; borroka eta elkartasuna ere gure lagun direla badirudi.Burunda, Aranatz eta Arakil; gorputz beraren giltzurrun, bihotz eta birika. Ziordi eta Irurtzunek marrazten dute muga; gorputzaren azala. Eta azaletik barrurantz badira sakan baten sakontasunean bizi diren makina bat herri. Txikiak dira herriak; txikitasunean handi baina.Ezaguna da gure zuloa; hodei eta lainoek etenik gabeko parada duten lekua; euriarentzat busti beharreko eremu eskuzabala; haizearentzat atsedenik gabe orraztu beharreko hosto eta belarren toki; berde koloreak bere izaeraren aurpegi guztiak helarazten dituen parajea. Horrela da Sakana, eta hor dugu jatorri jatorra guk, sakandarrok, zuk eta nik, guk geuk; munduari begira "sakanikola" gisa ezagun garenok; oraindik ere haitzuloetan bizi garela uste dutenak badira eta. Astakilo fama da gure zama. Baina ez dugu ahazten familia eta lana. Ez eta txistor, gazta eta patxarana. Zapore gozo-gazi-garratz-mikatzak nahasten diren aho gara; iraganaz oraina eta orainaz geroa eraikitzen gabiltzanak.Sakanan eginak gaude eta hark egin gaitu sakon. Beriain, Urbasa-Handiak eta Aralarrek bailara bat besarkatzen dute, eta harekin... izaera bat, egiteko eta bizitzeko modu bat, sinpletasunean sakon izaten dakien jende bat. Gu geu "made in Sakana" izanik, gure beharra da inguru hau zainduz maitatzea eta maitatuz zaintzea.