Joxe Miel Bidadorren heriotzak saminez bete gaitu euskaltzaleok aste honetan. Ustekabean, gazterik joan zaigu eta oraindik orain sinetsi ezinik gaude ezagutzen genuenok. Oroitzapen eta omenaldi gisa lerro xume batzuk paratze aldera ezinbestekoa dugu haren izaera zabal eta bihozbera, apal eta eragilea nabarmentzea. Joxe Mielen zain alaitsu eta jatorra, nekaezin eta emankorra arrasto sakona uzten duten horietakoa da.Bierrik elkartetik Sakanarekin zuen harremana gogoratu nahi dugu. Gaztetxotan Altsasuko Kaputxinoenean ikasi zuen, unibertsitate garaian Sakanako lagunak egin zituen eta karrera amaitu ondoren tarteka etortzen zen batez ere Uhartera eta Etxarrira.Sakanako euskal idazleak oso ongi ezagutzen zituen. Arakatuak zituen goitik behera artxibategiak, liburutegiak, aldizkariak, egunkariak..., betiere euskaraz idatzitako arrastoen bila. Ez zegoen sormen lanik, itzulpenik, saiakerarik, gramatikarik, sermoirik edo artikulurik... Joxemielek aurkitua, aztertua ez sailkatua ez zuenik. Lan zahar eta berriak, laburrak eta luzeak, xumeak eta itzal handikoak; den-denak zituen bilduak.Eta beti egoten zen prest Bierrikekin lankidetzan aritzeko, bere lan mardula gure esku uzteko. Izan ere, Bierrikek Sakanako Euskal Idazleen Antologia I argitaratu zuen 2000. urtean, berak prestatua. Lan horretan Jesús Flores Goñi eta Felipe Araña Mendinueta arbizuarren eta Santiago Ezkerra etxarriarraren lanak bildu zituen. Gure gogoan daude, bizi-bizirik, argitarapen horretarako elkarrekin egin genituen prestaketak: bilerak, inprentarako probak, diseinu lanak... Eta gogoan dugu batez ere, Madrilera elkarrekin joan ginenekoa, Santiago Ezkerrarekin idazle etxarriarraren lana ezagutzera, edo Leku Ona tabernan liburua aurkeztu genuenekoa.Baina elkarrekin hasitako bidea ez zen horretan gelditu; aitzitik, gure lagunak Sakanako beste idazle askoren lan ugari zuen bildua, eta asmoa zen noizbait Sakanako Euskal Idezleen Antologia II ere kaleratzea. Honako hauek dira, besteak beste, aztertuak zituen Sakanako idazle zaharrak: Uharte Arakilgo Inozenzio Aierbe, Blas Aierra (Hiriberriko apaiz izandakoa), Blas Alegria lakuntzarra, Pedro Díez de Ulzurrun eta Juan Miguel Frantzisko Gastesi irañetatarrrak, Ihabarko Martín José Goldarazena, Biktoriano Huitzi, Esteban Zabala eta Eugenio Ulaiar etxarriarrak, Jesús Flores arbizuarra, Hiriberriko Calixto Medrano, J. Mujika (Olaztiko apaiza izan zena), Serapio Navarro unanuarra, Frantzisko Ondarra bakaikuarra, Manuel Iriarte, Martin Otermin eta Mariano Perkaz (Lakuntzako apaiz izan zirenak), José María Satrustegi arruazuarra eta Fernándo Urkia arbizuarra.Ez dago jakiterik ea bilduma horrek argia ikusiko duen edo ez, zoritxarrez, Joxemigelen heriotzak hainbat eta hainbat proiektu bazterrean utzi ditu eta.Baina guztiaren gainetik Joxemielen berotasuna, adiskidetasuna, samurtasuna eta gogo bizia ekarri nahi ditugu gogora. Haren irriño pikaroak, haren zintzotasun ahaltsua, haren auspo gozoa izanen ditugu beti bidelagun. Mila esker anitz Joxe Miel. Idoia, Ilazki, Maddi gure besakardarik amultsuena.