Hilabeteak joan dira nekazaritzako hainbat sindikatuk gai bat mahai gainean jartzen hasi zirenetik: jatorriko produktuaren prezioaren eta kontsumitzaileak ordaintzen duen prezioaren arteko alde izugarria. Ekonomian aspalditik desagertuak ziren kontzeptu batzuk aipatzen ari dira sektore horri bizirik jarraitzeko aukera emate aldera, esaterako, bidezko prezioa edo ekoizpenaren kontrol publikoa.Nekazaritzako esparruan dauden harreman ekonomikoak zalantzan jartzeko prozesu hori, gero eta zabalagoa da ekoizleen, banatzaileen eta kontsumitzaileen arteko harreman berriak bilatzen ari diren zenbait erakunderi esker. Besteak beste, honako erakunde hauek ari dira lan horretan: Landare, Tomate Gorria, Autokontsumoko taldeak - Zangozakoa, Zaraitzu eta Aezkoa ibarretakoak - edo EHNEk bultzatutako Erantzukizun Partekatuko Nekazaritza. Horiek guztiak, etekinaren banaketaz gainera, beste kontu batzuk lantzen ari dira, esaterako, ingurumen iraunkortasunari eta kontsumo arduratsu bat garatzeari lotutakoak.Txalotzeko modukoa da talde horiek egiten ari diren ahalegina Merkataritza Justiziako esparruak garatzeko. Eta beharrezkoa da ahalegin horietan beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzea; izan ere, badira taldeak aspalditik nazioarteko mailan bidezko merkataritza harremanak sortzeko lanean ari direnak, esate baterako, Bidezko Merkataritzako mugimendua (Nafarroan, gutxienez, 9 erakunde biltzen ditu horrek). Guztion artean hainbat kontu zehaztu behar ditugu: Merkataritza Justizia zer den, bidezko prezioak nola lor daitezkeen eta nola eraiki ditzakegun egitura alternatiboak bestelako gizarte bat garatzeko, ez tokiko mailan ez nazioarteko mailan bazterkeriarik sortuko ez duen gizarte bat. Filosofia horrekin REASek Elkartasun Ekonomiaren Nazioarteko III. Jardunaldiak antolatu ditugu, eta horietan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.Bukatzeko, gure elkartasuna adierazi nahi diegu azken hilabeteotan lanpostua galdu duten Sakanako langile guztiei, baita Altsasuko Gamesa enpresako lagunei ere.