Etxarri Aranazko ezker abertzaleko udal taldeak udal batzar orokorren jarraipena egiten du. Dena den, ezin dugu esan udalean gertatzen den guztiaren berri dugunik, gobernu batzordeetan erabakitzen dituzten gauza asko gure begietik kanpo gelditzen baitira. Plenoaren onarpena behar duten gaien jarraipena bakarrik egin dezakegu, eta orduan ere batzarretara gai guztiak aldez aurretik gobernu batzordeetan hitz eginda eta erabakita eramaten dituzte; honi gehitu behar zaio informazioa gehienetan eskasa, beranduegi eta askotan guk beraien gainean egonda bakarrik lortzen dugula. Ezker abertzaleko udal taldearen iritziz herriaren ardura duten hauek gutxieneko ezinbesteko gestioa egitera mugatzen dira; teknikari pare baten esku balego udala, gehiago bustiko liretekeelakoan gaude. Inolako iniziatibarik ez dute erakusten, lehendik zetozen proiekturen batzuk bukatu dituzte, eta ZP-ek krisiari aurre egiteko eman duen dirua berehalakoan eta gehiegi hausnartu gabe gastatzera abiatu dira. Ez zaie burutik pasa ere egin herritarrei galdetzea (inguruko herri batzuetan egin duten antzera) zertan erabili zitezkeen diru sarrera hauek. Gure iritziz izugarrizko gehiegikeria da udalaren ardura duten bost zinegotziek egiten duten lanagatik 150 euroko ordainsaria jasotzea batzar bakoitzagatik , aurtengo urtarriletik aurrera hartu duten erabaki baten ondorioz. "Krisi garaian poltsikoa berotzeko modu ederra". Urtarriletik aurrera orain alkateak egun erdiko lanaldia izanen du udaleko egin beharrei aurre egiteko eta mankomunitateko euskara zerbitzuko buru bezala ere lanaldi erdian jarraituko du. Nolanahi ere, ados egon gaitezke, eta berak hala aitortu du, herriko arazoek ordu gehiago eskatzen dituztela. Ziur aski bi eginkizun hauek behar bezala aurrera eramateko erabateko dedikazioa eskatzen dute, baina mankomunitateko bere lanpostua aldi baterako beste pertsona bati uzteko gogorik ez duela dirudi, gustukoa baitu mankomunitateko euskara zerbitzuko dirua ere era "berritzaile" batean gastatzen aritzea.