Martxoaren 3a, altsasuarrendako, egun tristea izan da. Erailketa bat egin dute, bizilagun batzuen begirada inpotentearen aurrean, eta beste batzuen axolagabekeriaren aurrean. Hala, frontoi ondoko 2 ezki eder bota dituzte. Guztira 5 zuhaitz moztu dituzte. Altsasu itsusitu dute, pixka bat ergelagoa da orain. Orain urte batzuk, zenbait bizilagun eta elkartek (dendariak) borrokatu genuen inguruan ez ezik, herriaren erdigunean ere zuhaitzak izan zitzan gure herriak. Hirigintza egitasmo bat aldaraztea lortu genuen. Eta Domingo Lunbier eskolen atze aldeko Gobernadorearen lorategia bizirik mantentzea lortu zen. Ondoren etorri ziren lanek 5 urte iraun zuten, eta eraikuntza enpresarendako zaila izan arren, bizilagunen begiradapean errespetatu zituzten Baratzakobideko zuhaitzak. Hori guztia ez da kontuan izan. Asteazkenean, zinegotzi baten agindupean langile koadrila bat jarri zen lanean. Badirudi gure udalak iparra galdu duela, horixe besterik ez genuen behar, izadiaren monumentu osasuntsu eta zaharrak botatzea. Garrantzitsua da herriaren alde ekintza onak burutzea, baina kostata lortuta eta ongi zegoena kendu gabe. Zenbat aldiz pasatu naiz, ahoskatzea zaila egiten zaidan kaletik, eta halakoetan pentsatzen nuen ez zirudiela Altsasu, horren polita zegoen. Badirudi tematu egin direla gure herrian edertasuna nabarmendu ez dadin, eta zementu eta adreiluzko herri bat izan dadin. Nire buruari galdera bat egiten diot: zer irakatsi nahi izango diote turismoari turismo bagoi-bulego horrekin, ingurua edertzen duten zuhaitzak botatzen badituzte? Zuhaitz horiek kalea lurrintzen dute, itzala ematen digute eta txoritxoak babestuz natura herrira hurbiltzen digute egunero. Erantzuna bururatzen bazaizue, esadazue.