LIBERTÉ, EGALITÉ ... IDENTITÉ

Raf Atxuri 2010ko mar. 12a, 00:00

Euskal Mendebaldean gaitz guztien sorburua kezka identitarioan kausitu dute politakari sozialistek. Euren iritziz fanatismoa, sektarismoa, iraganmin dekadentea, bazterketa soziala etab. gordetzen dira herrien identitatearen gogoetan eta ekarpen intelektual goren eta modernotzat norbanakoaren identitatea aldarrikatu dute.Pirinioz haraindi oso bestelakoa da irizpena, halako moldez non Frantziako Gobernuak berak identitatearen debatea paratu baitu sarean jendartearen eskura (debatidentitenationale.fr).Izan ere oilar frantziarraren buruestima ez da txantxetako gauza. Konparazio baterako, etxarriarren chauvinismo sankirikotarra, altsasuarren harrotasun neolitiko/futurista, bilbotarren handiuste txuri-gorri txirenea zer dira Frantziako Grandeur handiosaren aldean? Ezertxo ere ez.Jatorriz historikoki, leinu ohoregarrien kume de Frantzia:  zelta, erromatar eta germanikoari gehitu beharko genituzke maiz ahazten dituzten akitaniarrak ( hots, euskaldunen ahaideak) eta judutarrak. Arraza xuriska , europar kaukasiko petoa, azken hamarkadetan magrebtar eta kontinente desberdinetako beltzekin café au lait  kutsu ttipi bat hartu duena.Baina oroz gainetik frantsak harro dira ilunpe eta noraezean zeuden Europari eta munduari argitasuna, pentsamendu librea, entziklopedia, laizismoa eta iraultzak eman zizkiolako. Egia da 1789az geroztik anitz katea hautsi direla bai mundu osoko herrietan, bai norbanakoengan. Horrexegatik Marselleise soilik Republique-ko ikastetxeetan abestera behartzea baztergarria iruditzen zait. Mundu osoko ikastetxeetan irakasteko eskatu beharko lukete frantsesek.