Nik nahi nuen adina azukrea zeraman tea esnearekin. Horrela adierazten zidan nire aitak, larunbatero goizean goiz, noraino maite ninduen. Goiz jaikitzeko ohitura izan zuen beti, nire aitonarengandik hartutako ohitura ziur aski, eta bera, aldi berean, bere aitarengandik. Heldua nintzela oroimena dut kokotxarekin mahaia ukitzen nuela jakin arren. Oinak aulkitik zintzilik nituen eta ez dakit zergatik pozten ninduen lurrera ez iristeak. Katilua hozten hasten nintzen eta azukrearekin jolasten bukatzen nuen. Nire etxean inoiz ez zen azukre-koskorrik erosi eta, isiltasunean, nik beti faltan bota nituen.Ur-ontziaren zaratak urduri jartzen ninduen, ura prest zegoen eta momentu batetik bestera nire aitak sukaldeko atea gurutzatu behar zuen, ilea nahastu behar zidan eta alde egingo zuen berriz ere. Zergatik deitzen ziren te zakutxoak? Zer ezkutatzen zuten? Orain bezala, erantzun gabeko galderak ez nituen bat ere gustuko, baina tarte bat pasatu ondoren, hurrengo asterako atzeratzen nuen. Nire kontsolamendu bakarra zen larunbata asko zeudela.Garai hartan nire aitak ez zuen asteburuetan lanik egiten. Asko falta zen bere egutegiak larunbatak, igandeak eta jai egunak ahazteko. Bera bakarrik sukaldean gelditzen zen. Lan egiten zuela pentsatzea gustatzen zitzaidan. Behar bada larunbatetan lan egiten hastea pentsatzen zuen.Etxe hori arrazoi ezezagun batengatik saldu egin zen. Eta mudantza guztietan bezala zenbait gauza galdu egin ziren: nik ez nituen larunbateko te katiluak gehiago izan eta nire aitak egutegiko egun gorriak galdu zituen. Geroztik, nire aitak nahi baino aldi gehiagotan aldatu du lanaz. Dena eta denok aldatu ginen. Hala ere, berak jakinarazi digu, beti, guztia ongi egon behar zuela. Badakit ez garela ados jarriko, baina bere bizitzan gauza asko izan arren, bere lanbidea beti bat izan da. Bera da, urtean hirurehun eta hirurogeita bost egunez hogeita lau orduz, aita.Duela urte asko ez dugu elkarrekin gosaltzen, baina nik badakit bera beti hor dagoela eta soilik ohiturarekin jarraitzeko, larunbatero te katilu bat gosaltzen jarraitzen dut.