Hilik agertu da azkenean. Ospitaleko morge batetan 11 hilabetez "galduta", senideak eta lagunak galdezka ibili ziren leku berean. Azkenez ikusi eta 11 egunera aurkitu omen zuten parke batetan, erabat gaizki. Motxila, dirua, nortasun agiriak falta zitzaizkion, arropa ere ez zen berea. Konortea berreskuratu gabe hil zitzaien ospitalean 13. egunera.Mila galdera ditugu baina erantzun ofizialek ez dute inongo sinesgarritasunik. Galdera nagusia zera da: zer gertatu zen trenetik jaitsi eta hiri bereko parkean agertu zen arteko 11 eguneko tarte horretan. Guk ez dugu duda izpirik eraila izan dela. Urteetako eta era guztietako eskarmentua dugu ebidentzia horren sentipena izateko. Arduradunen izenik eman ezin badugu ere, auzitegi zitalenarekin mehatxatzen baikaituzte. Konbentzimendu morala baino ebidentzia morala da gurea. Hainbat senide eta lagunen desagertze eta heriotza krudel da ebidentzia horren oinarri. Eta egunotako gezur, isiltze, eta erantzun sinestezinak berme gehigarri. Konbentzimendu moralaren aitzakiaz itxi dituzte egunkariak, legez kanpo utzi alderdi, elkarte eta erakundeak, dozenaka senide eta lagun atxilotu eta kartzelaratu, baina guk ezin dugu gure ebidentzia moralari buruzko xehetasunik eman. Jonek diruarekin ihes egin zuela zurrumurrua eta gezurra zabaldu zutenak dira, gure senide eta lagunaren gorpua aurrean dela, mehatxatu eta isilarazi nahi gaituztenak. Familia baztertua izan da, ez diote gorpua ikusten utzi, informazioa ukatu zaie, tratu iraingarria jasan dute. Familia eta lagunen eginahalengatik izan ez balitz, egun batetan gorpu anonimo bat lurperatuko zuten eta ez zen beraz ezer jakingo. Gertakari honek agirian utzi du bi gobernuen ustelkeria morala eta sakoneko arazoari aurre egiteko borondaterik eza. Guretzat, aldiz, akuilua da bidegurutze honetan udaberri baten alde lan egiteko. Agur eta ohore, Jon.