AHT: INPOSATURIKO PROIEKTUA

Jesus Mari Mendinueta (Arbizuko alkatea), Gorka Labat (Tafallako hautetsia) eta Marine Pueyo (Iruñeko hautetsia) 2010ko mar. 26a, 00:00

Berriro ere, Nafarroako Gobernuko arduradunen jokabidea salatu beharrean aurkitzen gara. Oraingoan AHT-ren (Abiadura Haundiko Trenaren) proiektuaren inguruan eta berau eraikitzeak, Nafarroako herri eta herritarrei  eragingo lizkigukeen kalteez aritzea egokitzen zaigu. AHT Nafarroan sekula planteatu den azpiegiturarik handiena da, proiektuaren dimentsioagatik, suposatzen duen diru xahuketagatik nahiz ingurumenean eragingo lituzkeen kalte ekologikoengatik. Gure herrietako ordezkari garen aldetik eta ordezkatzen ditugun herritarren interesen defentsan, makro-azpiegitura hau egitearen aurka agertzen gara inolako zalantzarik gabe.AHT-ak ez dio nafar jendartearen gehiengoaren behar eta interesei erantzuten, are gutxiago trenaren ibilbideak zuzenki kaltetuko lituzkeen herrietako biztanleei. Azken urteotan  udalei zuzentzen zaizkien diru laguntzak murrizten ari direnean, Nafarroako Gobernua prest dago milaka milioi euro xahutuko dituen AHT bezalako azpiegitura bat finantzatzeko; honek diru publikoaren xahuketa ikaragarria suposatuko du, eta herritarrontzat funtsezkoak diren arloetan aurrekontuen murrizketa nabarmena ekarriko luke (osasunean, gizarte zerbitzuetan, pentsioetan, hezkuntzan, euskaran). Nafarroako Gobernua, gehiengoaren beharren gainetik eta herritarren bizkarretik, elite ekonomiko-enpresarialaren interesak lehenesten ari dela uste dugu.AHT-a eraikitzeak , kapitalak, gune urbano eta hiriburuak lotzeko duen beharrei erantzuten dio, soilik; hau da, abiadura handiaren ezaugarri bereziak direla eta, hiriburuetan ematen diren populazio eta aktibitateen kontzentrazioa eragingo du, honek AHT-ak bidean uzten dituen herriak txirotzea eta despopulatzea eragingo lukeen arren.Komunikazioa erraztuko duen azpiegitura bat izan beharrean, AHT-ak gure herri eta hiriak beraien artean inkomunikatu eta isolatu egingo ditu, bertakotasuna bermatzen duen tren-garraio bazter batera utzi eta gutxiengo batek erabiltzen duen desplazamendu luzeko garraio mota lehenetsiz.Ezin dugu onartu Nafarroako Gobernua gai honekin izaten ari den jarrera inposatzailea eta antidemokratikoa. PSIS (Proyecto Sectorial de Incidencia Supramunicipal) delakoaz baliatuz udaletxe eta kontzejuei dagozkien eskumenak husten ari da, udalek partehartzeko berezko  duten eskubidea urratuz eta herritarrek, zuzenki eragiten dieten gaietan, erabakiak hartzeko duten ahalmena ukatuz.Nafarroako Gobernuak inposaketarako tresna bat bezala ulertu eta erabiltzen du PSIS-a, helburu bakar batekin; dituen proiektuak aurrera eramatea, horretarako herritarren iritziari eta borondateari muzin egingo badio ere. Honen frogarik argiena Etxabakoitzeko AHT-ren geltokia dugu, non Nafarroako Gobernuak geltokia finantzatzeko, 9000 etxebizitza berri aurreikusten duen. Ehundaka pertsona hipotekatzera behartuko duen proiektu urbanistiko-espekulatibo honek etxebizitza sustatzaileen diru gosea asetzea besterik ez du bilatzen.Nafarroako Gobernuaren jokaera ulergaitza egiten zaigu, agortuta dagoen garapen eredu sozio-ekonomiko bati hauspoa ematen segitzen duelako. Obra "faraoniko" eta etxebizitzaren inguruko espekulazioan oinarritutako ereduan tematuta daude, krisi ekonomikoaren berririk ez balute bezala. Erantzukizunez jokatzeko garaia da, Nafarroako Gobernua garaiz dago AHT-ren proiektua alde batera uzteko, porrot egin duen garapen eredu baten ikur nagusia delako. Honegatik guziagatik,  proiektua eraiki ahal izateko ematen ari diren tramite guziak gelditzeko exijitzen dugu. Nafarroako jendartean eztabaida sakona eman behar du azpiegitura honek eragingo lituzkeen gastu eta ondorioen inguruan eta  baita kaltetutako herri eta eskualdeen erabakia errespetatua izan dadin ere.