Bertsolariek, zertan dabiltzan badakitenek, lehenik bertsoaren amaiera pentsatzen dute. Bukaera hori da irteera; nahitaezko hasiera baten salaketa; esate berri baten jo-puntua; egitear den bidearen helmuga. Amaieratik jaiotzen da hasiera; bukaerak baldintzatzen du bera. Horrela sortzen dira bertso onak, onenak; haiek abesteko grina daukan eztarri batek aditzera emango dituenak. Baina bertsotan ez gara abilak, gehiengoa behintzat; eta hasiera bat emanik bukaerara hala nola, hala moduz, balantzaka iritsi ohi gara, bukaera hori nola gorpuztu ez dakigularik; amaierak ezustean harrapatzen gaituelarik.Heriotza ekidin, ahaztu beharreko zerbait dela ikasten dugu seguritatez hornitutako gizarte honetan. Bizitza heriotzarik gabe ulertzera ohituak gaude, gure mirak etorkizunean daudelako, orainean beharrean. Eta bat-batean azken puntua abesteko garaia heltzen da, eta ez gaude prest... Bizitza bertsotan abestu behar banu, bizitza bera bertso egingo nuke. Amaiera heriotza izanik, abiapuntu... trazatuko nuke bizitza, hasiera. Heriotza iritsiko dela jakinik abestuko nuke puntuz puntu sekula entzun den bizi-bertso ederrena. Heriotza gogoan izatea zerbait ikaragarria izan ordez, bertso bat abestea, bizitzea ahalbidetzen duen egia bat dela ozenki esan nahiko nuke, sinetsi nahiko nuke.Azken puntua oin gisa harturik, egunez egun, puntuka, pausoka eraikitzen den ibilbide abestua da bertsoa... da bizitza, eta heriotza da haren oin, oinarri, lokarri.