Irudikatu ehun pertsona, zutik, zirkulu bat osatzen ari direnak. Guztiek begiak estalita dituzte zapi batez, eta, hartara, ez dute deus ikusterik. Harriz beteriko zaku bana dute esku artean. Ehun pertsona horiek harriak bota behar dituzte zirkuluaren kanpoaldera, baina indarrez, noski, aurrean dituzten pertsonak ez jotzeko. Harriak botatzen hasi dira. Ikusten ez badute ere, lehenbiziko harriak ongi doaz, kanpoaldera, zapia jarri aurretik ikusitako orientazioa gogoratzen baitute. Ez dakite oso ongi zer dagoen segurtasun-zirkulu horretatik kanpo. Urrunean marmar moduko zera batzuk aditzen dira, kexak, beharbada. Zenbait harri bota eta gero, mugimenduen eraginez eta kasik oharkabean, denak mugitu edo biratu dira pixka bat. Beraz, orain ez dakite oso ongi norantz ari diren harriak botatzen. 10 edo 12 bat harri bota ondoren, arrastorik ez dakite harriek daramaten norabideaz. Aise asma dezakegu istorio honen bukaera.Egungo munduaren oinarria kili-kolo dago. Uste dugu baliabide mugagabeak dituen mundu batean bizi garela, berez modu orekatuan antolatzen den merkatu global batean, eta horren arabera asmatzen, ekoizten, eraikitzen, kontsumitzen eta hezten dugu; ordea, natur baliabideak mugatuak dira eta merkatu kapitalistak ez du inolako etikarik. Kasino deshumanizatu hutsa da. Horrela izanik, lehenbailehen hezi behar dugu berriz imaginario kolektiboa, hurbileko mundu indibidualetik abiatuta, partekatutako mundu pluraleraino. Oraingo zoriontasun kontzeptu horretatik beretik abiatuko gara, baina ongi ohartuta horrek gehiago duela zerikusirik izatearekin, edukitzearekin baino. Ekonomia eredu berri bat bultzatuko dugu, elkartasunean oinarritutakoa, hori pertsonen zerbitzura baitago, eta kontuan hartzen du nola, non eta zertarako ekoizten den. Alternatibak sortzeko unea da, aldaketak exijitzekoa, eta pertsona guztiak - bai Iparraldekoak, bai Hegoaldekoak - aintzat hartuko dituen merkataritza justizia eraikitzekoa. Deshazkundea bultzatzeko garaia da, telebista itzali eta burua piztekoa, gutxiago lan egin eta gehiago izatekoa, erosi beharrean partekatu eta berrerabiltzekoa, ikusle izan beharrean aktore izatekoa, herritarrak politikaren jabe izatekoa, eta publikoa bultzatzekoa. Bide bakarra da begietatik zapia kentzeko, baita harriak norantz botatzen ari garen jakiteko ere.