Asko eztabaidatu izan da kirolak haurren hazkundean duen eraginari buruz. Zenbait adituk organismoarengan izan ditzakeen kalteak aipatu izan ditu, haur baten gorputza delikatua izanik eta hazkunde-prozesu betean aurkitzen denez, entrenamendu gogorregiek eta halabeharrez gertatzen diren kolpe txikiek gorputzarengan eragin negatiboa izan dezaketelakoan.Lehia kiroletan aritutako haurrek, hau da, gehiegizko entrenamendua jasandakoek, orokorrean bi arazo eduki ditzakete: lehenengoa, lesioak jasan ditzaketela, hazkunde garaian baitaude eta ehunetan mikrotraumatismo ugari sortu daitezkeelako; eta bigarrena, segurtasunik ez dagoen arren, eskeletoarentzat kaltegarria izan daiteke (karga fisikoa gehiegizkoa denean). Arazo hauek saihesteko, entrenamenduaren intentsitatea moteldu beharko litzateke baita konpentsazio ariketak egin ere.Aldiz, txikitatik kirola egitearen abantailak bai frogatuak daudela; gaixotasunak prebenitzeaz gain, errazagoa baita ohitura osasungarriak txikitan irakastea nagusitan ohitura txarrak edo norbere burua kaltetzen dutenak kentzea baino. Bizimodu sedentarioa, pisu larregia, elikadura desegokia eta beste aldagai batzuk egoten dira mundu garatuarekin lotzen diren gaixotasun degeneratiboen sorrera eta garapenean. Patologia gehienak, nagusitan agertzen diren arren, haurtzaroan hasten dira sortzen.Horretaz gain, eta orientazio gisa, kirol-medikuek gai honi buruz ohartarazten dutena zenbait kirol ezberdinen adibideak jarriz azalduko dut. Kontuan eduki "arriskua" hitza hazkunde eta garapenari begira bakarrik erabiltzen dela. Lehenik, arriskurik gabeko kirolak, onuragarriak: igeriketa, txirrindularitza, eskubaloia, saskibaloia, patinajea... Bigarrenez, kirol eztabaidagarriak: tenisa, squasha, ekitazioa, lurreko gimnasia, dantza klasikoa, judoa, eskia... Eta azkenik, arriskuko kirolak: errugbia, futbola, tranpolin eta palanka saltoa, halterofilia, wind-surfa, eski nautikoa...