LANGABEZIA LANTEGI

Raf Atxuri 2010ko api. 16a, 00:00

Halako goiz batean ohetik jaiki, gosaldu eta irratiaren bidez edo kalean jakin duzu zure enpresak ateak itxiko dituela. Hiru, bost edo hamaika urte eman duzu enpresan eta bost minututan guztia eldarnio gaiztoa bihurtu da. Etorkizuna bat-batean ekaitz zurrunbilotsua da eta hurrengo haize bafadak norantz ibiliko zaituen ikuskizun da: Imarkoain, Agoitz, Miranda de Ebro, Antequera...Gamesarenak bere tamainarengatik eta ezustearengatik asaldatu gintuen lazkiago baina zerrenda etengabe gizentzen ari da azken urteotan : Ufesa, Dinescon, Recindsa, Lurgain, Isphording, Barranquesa... Ongizatearen bizimodua bere gazi-gozoekin bere bidea jorratzen ari zen Sakanan, baina krisi globalarenak  oraingoan ez dira urruneko oihartzunak izan, zaztada gogorrak bertatik bertara jo ditu hemengo bazterrak.Lanpostu egonkorragoa dugunok elkartasun keinuak egin ditzakegu, kalera atera, hurbiltasuna sentiarazi baina ez dakit hori nahikoa den. Aginte politiko eta ekonomikoetan daudenek  hitz politak bota dituzte eta geroak esanen diguhitzok politak izateaz gain eraginkorrak diren. Izan ere nire barruan daukat agintari askorendako Sakanako egoera  ez dela ez lehentasun ezta kezka iturri ere.Lehengo zutabe batean Zoila Berastegik Sakanaren deskribapen eder bat egiten zuen iragana, oraina eta geroa, familia eta lana lotuz. Giza gorputza bailitzan azala, giltzurruna, bihotza eta birikak aipatzen zituen. Une honetan , ordea, odol hustutzen ari da gorputza eta jario horri amaiera eman behar zaio. Bitartean "Sakanan lan eta bizi" aldarrikatu behar dugu tinko.