Egunkaria itxi zutenetik, eta hori orain zazpi urte egin zuten, makina bat aldiz entzun dugu, Egunkaria ixtearen alde zeudenen ahotik, ETArekin harreman zuzena zeukala. Baieztapen hori doinu serioan egin izan da. Baina baieztapenak, serioak batzuk eta iraingarriak besteak, entzun ondoren, Egunkaria ixtearen arrazoiak jakin nahi izan ditugunontzat ez da erreza izan ulertzea balizko harreman hori zertan zetzan. Baieztapen hori izenburutzat zuten artikuluak irakurri nituen eta hainbat komunikabide ere entzun, baina oraindik ez dut deus ere ulertzen.Orain Espainiako Auzitegi Nazionalak justizia egin omen du. Barkatu, baina nik ez dut ulertzen ezta sinesten ere. Benetako justizia izateko auziak askoz ere azkarrago egin behar dira, eta ez zazpi urte pasa ondoren. Denbora honetan, berriz, adierazpen askatasuna moztu dute, hemeretzi lagun atxilotu, torturatu, kartzelaratu, 180 langile langabeziara, dirutza ikaragarria jarri behar beste egunkari bat egiteko... Bestaldetik, Estatuak kalteak ordainduko omen ditu, baina Gobernuak egin zuen bidegabekeria eta euskaldun guztioi eta euskarari egin zizkien kalteak kontaezinak eta ordaingaitzak dira: hainbat urtetan egindako lana pikutara bidali, kulturgintzako lanak utzi, Egunkaria-ko gizon, emakume eta familien horien kostua, umiliazioak, gezurrezko akusazio horietatik defendatzen jarri behar izatea... Hori guztia nork ordainduko du?Egunkaria-ko kazetariek borroka latza izan dute zazpi urte hauetan, izan duten kemena, balentria eta adorea inbidiagarria da, eta horri esker hamaika tokitan erakutsi eta frogatu izan dute inozenteak zirela. Zazpi urte luze horiek pasa ondoren, dena ongi bukatu omen da. Eta pozten naiz, benetan. Baina aldi berean amorrua ere sentitzen dut, Egunkaria ixteak sekula ez zukeelako gertatu behar izan.akinlo@euskalerria.org