Emakumeok geure gorputzarekin zer egin nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugu eta hau berma dadin, egokiak izan daitezke hartzen diren hainbat neurri. Horien artean, hurrengo eguneko pilula farmazietan errezetarik gabe eskuratzea. Notizia garrantzitsu bihurtu zen gaia, pilula modu askean eskuratzeko aukera izango dugula zabaldu baita. Eskuragarritasunaren aldetik aurrerapausoa baden arren, neurri honen inguruan hitz egitean nahitaez burura etortzen zaizkigu egungo heziketa sexualean dauden hutsune nabariak. Ez da nahikoa pilula eskuragarri jartzea, honen erabileraren eta antisorgailuen inguruko kontzientziazko lana egiteke baitago oraindik. Gainera, pilularen erabilerari lotua dagoen jendarteko harreman ereduen inguruko eztabaida ere falta da.Egungo sexualitate eredua eta praktika sexualen gehiengoa batez ere gizonezkoen beharretara egokitzen da, emakumeon sexualitatea bigarren mailan utziz. Horregatik, beharrezkotzat ikusten dugu hezkuntza sexual integrala ziurtatzea gazteentzat, emakumeentzat eta herritarrentzat oro har.Pilulari dagokionez, informazioa eskasa da. Farmazietan informazioa eskuratzeko aukera izango dela esaten dute, baina zein motatako informazioa eta nolako hutsuneak izango dituen ere ikusteke dago. Prezioa ere ezin utzi aipatu gabe, oso garestia da eta horrek eskuragarritasuna zailtzen du.Halako neurriak egokiak izan daitezkeen arren, heziketa sexual integralerako urratsak eman behar dira modu askean gure sexualitatea garatu ahal izateko.