EAJ alderdiak ez du onartzen Euskadiko Parlamentuan gai honi buruz aurkeztu den zirriborro agiria eta PSOE alderdiak berriz, ahal bezain pronto jarri nahi du martxan.Biktimak ikastetxeetan ager daitezela proposatzen du agiri honek. Nire ustez, arduradun politikoek ez dute sakonki landu zirriborro hau eta hortik dator desadostasun hau. Oso gai korapilatsu baten aurrean aurkitzen gara.Guzti honen inguruan oroimenak oso paper sakona jokatzen du eta ez da azaleko kontu bat. Batzuek gehiegi ahaztu dela uste dute eta bestalde, beste batzuk ezin daitekeela gaia gehiegi puztu.Argi bistakoa da desadostasuna, eta ondorioetako bat pertsonak eta alderdiak aurrez aurre jartzeko egoerak ematea. Hori gertatzeko arrisku handi bat dago eta kontuan eduki beharko da, honelakoak ekiditeko.Oroitzea eginbeharrekoa da, baina baita ahaztea ere. 1936an gertatu zena ezin da ahaztu, baina ezin dezakegu berpiztu orain. Batzuen ustez, oroitzeak garai hartako gorrotoak berriro sentitzea eta berpiztea dakar. Nire ustetan hori ez da bide on bat. Oroimen hori eguneratu eta kritika sakon bat egin behar zaio guzti hari baina aldi berean, baita garai hartako egoera konplexuan kokatu. Konponezinezkoak baldin baziren garai hartako jarrerak orain ere halatsu; baina betirako ibili beharko ote gara horrela? Oso errealitate konplexua da baina ezin gaitezke gehiegikeriatan ibili, ez oroimenean eta ez ahaztean ere. Kontu handiz ibili behar garela uste dut eta gure politikoak ez dabiltza horrela.Polemikak inguratuta mugitzen baldin badira, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko pauso gutxi emango dira eta horretara bideratuta eman behar dira ematen diren pausoak, bestela aukera eder bat galduko dugu berriro. Nahi genuenaren kontrakoa izango baita bestela emaitza. Oroimena bai baina baita ahaztea ere. Alderdi politiko bat, berdin zait zein, baina alderdi politikoa baldin bada iniziatiba hartu eta honelako asmo bat aurrera atera nahi duena, porrot egingo du. Honetan lidergoa ezin dute eraman politikoek, baten asmoa besteak zapuztuko duelako beti, eta susmo txarrak egongo direlako beti tartean. Gizarte mailan gainditzen ez den bitartean, aginduen eta legeen bitartez ezer ez da lasaituko. Nire ustez lider sozialak behar dira benetako pausoak emango dituztenak, horiek badute oraindik sinesgarritasuna baina politikoek ez. Eta ondoren has gaitezke lehengo kontuez beste era batera hitz egiten, bitartean ez, itxi gabeko zauri asko baitago eta sendatu ezean puzturratu egiten dira zauriak.