ARTAXOA 2010, EUSKARAREN ALDEKO BESTE PAUSU BAT

Aitziber Martinez de Lagos eta Nestor Salaberria 2010ko api. 30a, 00:00

Apirileko azken aurreko igandean euskararen aldeko hitzordu garrantzitsu bat eman zen Artaxoa herrian. Bertan, Sortzen Ikasbatuaz eta zonalde "ez" euskalduneko Biderra elkarteko guraso elkarteak deituta milaka euskaltzale bildu ziren "Zonifikazioari ez! Ofizialtasuna Artaxoa, Mendigorria eta Euskal Herria osoan" lelopean.Aldarrikapena eta jaia uztartuz zonalde honetako gurasoak laguntzea erabaki zuen Sortzen Ikasbatuaz-ek, euskarazko kalitatezko hezkuntza publikoa nahi duten gurasoei garraioa ordainduz.Lehenik eta behin eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bertan euskararen alde euren jakintzak oholtza gainean jarri zuten talde zein norbanako guztiei, eurak gabe lortutako giro paregabea ez baitzitekeen posible izanen. Eskerrik asko.Baina egia da giroa sortzen ere bertaratutako euskaldun eta euskaltzale andanek lagundu zutela, adin tarte eta jatorri ezberdinak elkartu ginelarik bertan. Sortzen Ikasbatuaz-ek argi du inon baino beharrezkoagoa dela zonalde hauetako gurasoak laguntzea, eta jendarteak ere horretan gurekin bat egin du eta izugarrizko babesa eskaini die guztioi dagokigun borrokan tinko eta gogotsu jarraitzeko.Gauzak sarri aldatu dira gure herrian, frankismoaren garai ilunenetan ere aurrera egin du gure herriak, eta borondatez lortuko dugu euskaldunok banatzen gaituzten harresiak behera botatzea eta euskarazko kalitatezko hezkuntza publiko bat Euskal Herriko auzo eta herri guztietan bermatzea.Horregatik espero dugu hurrengo jaia izatea euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea bermatua dagoelako, eta aldarrikapenak beharrezkoak ez izatea. Baina horretarako denon mobilizazioa ezinbestekoa da.Honen bidean, beste hitzordu garrantzitsu bat dago maiatzak 23an Euskal Herriko hiriburua den Iruñean, berton Sortzen Ikasbatuaz-ek jai nazionala antolatuko baitu urtero legez (eta dagoeneko 15 dira) Trinitarios eremuan.Beraz, eta beste behin ere parte hartu duten guztiei eskerrak emanez, maiatzaren 23an elkar ikusiko dugulakoan gaude, Sortzen Ikasbatuaz-ekin bat Hezkuntza Sistema Propio baten bidean urratsak emanez lortuko baitugu Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua ezartzen.Eskerrik asko eta aurrera!