EREDU IZATEAREN GARRANTZIA

Gizarte Zerbitzuak 2010ko mai. 7a, 00:00

Azken urteotan hain aipatua izan den talde presioa dirudienez bigarren maila batera pasatuko da drogen kontsumoari dagokionez.Azken ikerketek diote, gazteengan talde presioak baino, eragin handiagoa dutela pertsona heldu edota inguruko pertsona garrantzitsuen kontsumoak eta jarrerak.Gazteek lehen kontsumoetan hasteko garaian, inguruan sustantziekiko ikusten dituzten jarrerek dute eragin nabarmenena; hau da, sustantziek duten eraginari edo kalteari garrantzia emateak edo ez emateak, drogak kontsumitzearen ondorioak gutxiestea, sustantzia konkretu batzuei onurak ezartzea, etab. Gauza bera gertatzen da kontsumoak noizbehinkakoak izatetik maizagoak edo pertsonaren bizitzan normalagoak izatera pasatzeko momentuan ere. Pertsona helduagook ditugun kontsumoak eta jarrerak eredu direla esan dezakegu, beraz.Ospakizun garaia den urteko momentu honetan (herrietako jaiak, santuen ospakizunak, etab.) askotan kontsumitzeko momentu aproposa ere izaten da. Kontsumo horiek lagunartean, familian, herri guztia elkarturik, etab. egiten direnez, eredu garen kontziente izatea da gure aholkua. Bakoitzak bere bizitzan, bere etxean, bere buruarekin, nahi duena egiteko askatasuna ez dugu zalantzan jartzen; baina eredu garen heinean, jarrerak egokitzea dagokigula uste dugu.Ospakizun horietako askoren atzean udalak daudenez, aukera guztiak kontuan hartzea da egokiena; hau da, kontsumitzaileak eta ez-kontsumitzaileak, guztientzako aukerak bermatuz. Alkohola edan nahi ez duenari edo edan ezin duenari ere zerbait edateko aukera eman behar zaiola uste dugu. Aukera bakarra edo askotariko aukerak ematen ditugunean, konturatu gabe, gure ingurukoentzat eredu izaten ari gara, gure haur eta gazteentzat gehienbat, eta esan bezala, horrek eragin garrantzitsua du gure gaurko gazteen kontsumoetan.Udalei zuzendu gatzaizkien arren, pertsona guztientzat baliagarria den ideia garrantzitsu batez mintzatu gara oraingoan. Gai honen inguruan hausnarketa egiteko proposamena luzatzeaz gain, bakoitzak bere esparruan ahal duena egitera gonbidatzen dugu: herri bazkari edo afarietan, erromeria edota auzateetan, garagardo azoketan eta horrelako beste ospakizunetan.