Aspaldikoak gara euskaldunok, euskara aspaldikoa dugulako. Ahoz aho, hitzez hitz, biziraun du gure hizkuntza zaharrak. Lekuan lekuko hizkerak hartuz haren inguruetara moldatu da, garaietara moldatu den gisa, pertsona taldeetara egokitu den legez. Moduek aberasten dute gure hizkuntza. Araban bagare dena, Gipuzkun bagera da, Zuberoan bagire den bezala edota Bizkaian bagara. Neskei noketan eta mutilei hiketan. Hemen fan dena han joan da. Beleixe, Guaixe da; eta biziki, oso, asko anitz den moduan. Baina jakin badakigu desberdintasun guzti horiek azalekoak direla, sakonean erro berdinek elkartzen dutelako gure euskara. Altxor izugarri bat daukagu gure artean, gure ahoetan, gure belarrietan... gure bihotzetan. Euskaraz maitatzen dugu, euskara maitatzen dugun bezala. Biak elkarrekin baitoaz nahitaez.Baina batzuetan ez gara ohartzen gure ahotsaren edertasunaz. Eta hizkuntza arrotzei gure ahoetan gailentzen uzten diegu. Aspaldikoa da esaldia, baina tamalez oraindik ere gaurkotasuna du: "hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik". Hortxe pilota gure teilatuan.Hala ere, ez da hor amaitzen guztia. Eta hizkuntza gutxitu bat mantentzeko borondate politikoa ere egon behar du. Hizkuntza hori, pentsatzeko, sentitzeko eta bizitzeko berezko modu bat dakarren hizkuntza hori, onuragarria izango zaion legedi batek babestu behar du. Ofizialtasuna Euskararentzat Euskal Herri osoan ez da oraingo eskaera, ofizialtasun eza aspaldiko eskubide urraketa den legez. Tamalez ez dugu besterik ezagutu. Horregatik garrantzitsua da gure ahotsak kaleratzea, euskara kalera ateratzea eta harekin gu guztiok. Maiatzak 15 guztiok Iruñeara!!!