Igandean Etxarrin ospatu zen Euskaraz Bizi Egunaren harira nahi genuke ehundu gaurko jarduna. Euskaldun orok du bai euskaraz bizi ahal izateko eskubidea, bai eskubide hori gauzatzeko baldintzak izatea ere. Kondenak inola ere ez dio baliogabetzen eskubide hori. Erakunde publiko ofiziala denez, eta Euskara hizkuntza ofiziala izanik, Euskal Herriko kartzelek bermatu beharko lukete presoen eskubide hori. Aldi berean hausnarketa honek damaigu euskal presoak Euskal Herriko kartzeletan behar dutela aldarrikatzeko arrazoi bat gehiago, euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzea baita presoa Euskal Herriko espetxeetatik kanpo edukitzea. Bitartean, errealitateari bizkar eman ezin zaionez, edozein kartzelatan dagoela, eskubide hori bermatzeko ahalik eta baliabide eta erraztasun gehien eskaini behar zaio presoari. Tamalez, eskubide horren ukazioarena da kartzeletako errealitatea. Atxiloketan hasten da zapuzketa: txiste makabroaren parekoa da gaur egun leotzetan galdekatzaileari euskaraz erantzuteko eskubidea planteatzea; epailearen aurrean bost eguneko inkomunikazio eta galdeketen ondoren ezinaren parekoa da itzultzailea exijitzea. Jada kartzelan, utopia bihurtu zaio presoari gutunen bidez euskarazko harreman normal bat edukitzea inorekin: hilabetetik gora behar du gutun batek igorlearengandik hartzailearengana heltzeko, gutunen edukiak garaiz kanpo heltzen dira gehienetan. Euskarazko liburuak epe luzeak igaro arte ez dira heltzen presoarengana. Ikasketak euskaraz egin ahal izatea aspaldi desagerrarazi zuten; lehen ere euskarazko testuak berandu batean heltzen ziren. Erabat debekatua dago, harremana eteteko ondorioarekin, bai telefonoz, bai bisitan euskaraz egitea. Ez diegu Espainiako kartzelariei euskaraz ikastea eskatuko, baina bai euskaraz bizi ahal izateko aipatu oztopo, mehatxu eta debekuak desagerraraztea.