Ikasturte honetan zehar hamaika aldiz errepikatu dugu EHEren 30. urteurrena izaki, urte garrantzitsua dela aurtengoa eragile euskaltzalea osatzen dugunontzat. Aurreko urteetan bezala, aurten ere euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalkuntzari aurre egiteko eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko hainbat dinamika jarri ditugu abian.Hiru hamarkada hauetan egindako bidea luzea bezain gogorra izan da, bere une latz, eder eta gogoangarriekin, baina gaurkoan albiste on bat eman behar dugu. 2004az geroztik EHEk antolatutako Hizkuntza Eskubideen Egunak bere ibilbidea bukatu duela esan beharra dugu, halaxe baita. 2004an ospatu genuen lehen aldiz Lesakan, Hizkuntza Eskubideen lehen Eguna. Haren atzetik etorri ziren Oiartzun, Santurtzi, Azpeitia, Atarrabia eta Ondarroakoak. Jaia eta borroka uztartzen zituzten egun horien bidez, euskaraz bizi den herria irudikatu eta herri euskaldunaren aurkako jazarpenari aurre egin nahi izan genion han eta hemen. Hainbat eta hainbat izan dira milaka euskaltzale batu dituzten ekimen horien joanean jasotako ikasgai eta bizitako esperientziak, eta golkoan gordeko ditugu, EHEren ibilbide oparoan mugarri ezberdin gisa kokatuz.Hizkuntza Eskubideen Eguna joan zaigu, baina. Joan egin zaigula diogu, baina ez da alferrik izan; izan ere, duela bi aste eskas, maiatzaren 2an, lehenengo Euskaraz Bizi eguna ospatu genuen Etxarrin, jaia eta borroka uztartuz. Urrats berria egin du EHEk planteamendu honekin, baina zergatik biziko dugu aurrerantzean Euskaraz Bizi Eguna? Bada, Herri Euskalduna delako berreraiki nahi dugun herria, eta zentzu horretan ezinbestekoa delako eta izango delako euskal hiztunoi, norbanako zein kolektibitate, dagozkigun eskubideak aldarrikatzetik haratago euskaraz bizitzearen aldeko hautu indartsua egin eta euskaraz biziz Euskal Herri euskaldunerako bidea egiten joatea. Badakigu bide hori ez dela erraza izango, eta urratsez urrats joan beharko dugula helmugara heltzeko beharrezkoak diren erroko aldaketak behartzen. Jendartea euskaraz bizi dadin nahitaezkoa izango da norbanakoengandik hasita euskarari esparru eta maila sozial, juridiko eta administratibo guztietan lehentasuna ematea. Gutariko bakoitzak zein euskal komunitateak euskarari lehentasuna emanez, euskaraz biziz, herri euskalduna indartzeko urratsak emateaz gain aldaketak bultzatuko ditu, eta maiatzaren 2ko Euskaraz Bizi Egunak hautu horretara hurbildu nahi izan zituen euskaltzale guztiak.EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ BIZI!!! EUSKAL HERRI EUSKALDUNA ERAIKI!