Gure eguneroko erosketak egitera goazenean, edozer edozein garaitan dugu aukeran eta lehen luxuzkoak ziren produktuak, orain gure moduko edozein europarren eskura ditugu. Gure kontsumo ohitura berri hauek,bizi mailaren hobekuntza dirudien honek atzean baditu kaltetuak, eta ez gutxi!Alde batean, gure baserritarrak kanpoko prezio merkeei aurre egin ezinik, ahal den moduan bizirautearen borrokan murgilduta ikusten ditugu. Txanpon beraren beste aldean berriz, produktu "merke" horiek sortzen dituzten herrialdeetako nekazariak ditugu. Hasiera batean, prezioen guda honek herrialde hauetako nekazarien garapena ekar zezakeela iruditu arren, txikiak, bazter guztietan dira galtzaile. Adibidez, denok ezagun ditugu, Nafarroa letra larriz eta ondoan "producto del Perú" letra txikiz duten zainzuri lataratuak. Peru edo Txinan produzitzen diren zainzuri hauek, izugarrizko eragina dute herrialde produktoreetako nekazariengan. Exportaziorako produktuak, bertarako elikagaiak ekoiztea baino errentagarriago den neurrian, nekazal lur emankorrenak exportaziora bideratzen dituzte. Kasu askotan lur eskasia honek, beharrezko elikagaien garestitzea dakar eta soldatapeko nekazari eta bertako biztanleriaren zati handi batentzat elikagaiak eskuratzea benetako arazo bihurtzen da.Produkzio mota hauek gure ingurunean ere badute eragina, salneurrien txikitzeak gure nekazaritza tradizionalaren bideragarritasun eza baitakarte, horrek gure ingurumenean, kulturan eta gizartean duen eraginarekin. Kontsumo arduratsu eta kontziente baten bidean garaian-garaiko eta bertako nekazari eta abeltzainei zuzenean erositako produktuak kontsumitzen saiatu beharko ginateke, ingurumenak eta gizarteak eskertuko liguke, eta beste mundu bat posible egiten hasiko ginateke; baina hori , norbere plateretik hasita...