LEITZAN PERU HARRI

Raf Atxuri 2010ko mai. 14a, 00:00

Bidaiariak Leitzako aterabidean Uhitziko errepidea hartzen badu kilometro eta erdira  eskuinaldean Peru Harri dioen pankarta bat ikusiko du. Malda piko eta meharra hartu eta Iñaki Perurena berritzen ari den baserri bateraino  iritsiko da. Orain urte batzuk erosi zuen etxalde hura Perurenak eta orain familiaren laguntzarekin harriaren omenez  gune zabal, txukun eta ikusgarria itxuratzen ari da.Jorge Oteizaren lanaz geroztik asko teorizatu da gurean harriaren balio praktiko, estetiko eta etnografikoari buruz. Gabriel Arestiren zenbait olerki sortak lilura hori salatzen dute garbi : Harri eta Herri, Harrizko Herri hau, Euskal Harria ...Harri jasotzaileak harriarenganako miresmena beste modu batez  bizi du eta Iñaki Perurena miresmen haren osagaiak azaltzen saiatzen da bere proiektuan.Bidaiariak irudi eta paneletan  gizakiaren historiaz, euskal historiaz, arteaz, antropologiaz, euskal baserriaz, apustuez, erresuma defendatu zuten gazteluez  ikas dezake eta Perurenaren ahotik bertso eder bat entzungo dute harriaren altxaldiaz.      Urdaibaiko Gugenheim edo Sanferminetako museoen proiektuen aurrekontuak  irakurrita zorabioak eta guzti senti ditzakegu. Peru Harrik, ordea, halako handikeriarik ez du, autogestioaren filosofiaz eta familiaren auzolanaz altxatzen ari da emeki-emeki. Nafar Gobernuaren edo Europako funtsen dirulaguntzarik ez du, talde mediatiko handien arretarik ere ez, Joan Paulo II.aren eskultura beharrean Nafarroako Mariskalarena dauka. Gaurko mundu posmodernorako jatorrizko bekatu gehiegi apika baina  apaltasunetik, duintasunetik eta maitasunetik dago eraikia. Arimatik eraikia.