Joan zen abenduan laguntza deialdia egin zuen Bierrik fundazioak: egoera oso larria zen, 20.000 euro behar genituen Guaixe eta Beleixe aurrera ateratzeko. 2009an Nafarroako Gobernuak diru-laguntza emanen zuela behin eta berriz agindu bazuen ere, azkenean, diru-laguntzarik gabe utzi zituen Sakanako euskarazko bi komunikabideak eta baita Nafarroako gainerakoak ere; Vascuencearen Legeak berak eskatzen duena bete gabe utzi zuen Nafarroako Gobernuak: legeak euskarazko komunikabideak sustatu behar direla badio ere, xentimorik gabe utzi zituen denak. Gainera, krisiak Sakanara ekarritako egoera latzak ere eragin handia izan du Guaixeren eta Beleixeren egunerokoan.Laguntza dei horri erantzuteko jarri genuen martxan Sakandar 1 = euro 1, 20.000 baietz! kanpaina, 20.000 sakandar izanik eta euro bana jarririk, Guaixek eta Beleixek 2009. urtea zulorik gabe bukatzeko kopuru hori behar genuelako. Kanpaina abian jarriz geroztik, askotarikoak izan dira Guaixeren eta Beleixeren aldeko ekitaldiak eta ekintzak: herriz herriko diru bilketak, itsulapikoak, kontzertuak, afariak, herri mugimenduen elkartasuna, ikastetxeetako haur, irakasle eta gurasoen diru-bilketak, koadrilen laguntza, erakunde, dendari eta lantegien ekarpenak... Sakandarrok sekulako ahalegina egin dugu Gobernuak ukatutako laguntza osatzen. Lau hilabete pasatu dira eta lortu dugu joan zen urteko zuloa estaltzeko adina diru, 20.000 euro. Eskerrik asko, benetan!Zoritxarrez, joan zen urteko larritasuna eta ito beharra Nafarroan ez da noizean behin eta kasualitatez bakarrik gertatzen, Nafarroan euskaldunok diskriminaturik gaude: ez dugu euskarazko komunikabideak izateko eskubiderik, euskaldunok ez dugu telebista euskaraz ikusteko eta izateko eskubiderik, ez dugu Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eskubiderik, ez dugu euskara ikasteko eskubiderik... Nafarroan ez dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik!Sakandarrok argi erakutsi dugu trebe garela bertako proiektuak babesteko eta indartzeko, eta aurki izanen dugu gure eskubideak aldarrikatzeko aukera. Maiatzaren 15ean Iruñean beste hitzordu bat daukagu Nafarroako Gobernuari esateko Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea badugula, hemen gaudela, bertan egon nahi dugula eta euskararen kontrako diru-murrizketa, eraso, injustizia, babes eza eta gainerakoen aurrean Sakandarrok ere aurrean izanen gaituztela. Zuoi guztioi esker aurrera egiteko indarra eta laguntza jaso dugu, eskerrik asko!