MAIATZAREN 15ean

Adelaida Kintana 2010ko mai. 21a, 00:00

Betiko gaiaren aurrean gaude.  Eta ez dakit zergatik, baina euskalduna izatearen borroka emakumea izatearen borrokarekin lotzen dut. Egunero eta ordu oro erne eta adi egon behar dugu dauzkagun eskubideak urra ez ditzaten.Egunkarietan irakurtzen dugunean bikotekideak emakumearengana hurbildu dela hamaika labankada emateko, eta, gainera, inolako oztopo edo eragozpenik gabe, honelaxe sentitzen dut Nafar Gobernuak egiten duela euskararekin, labankadak aldioro sartzen baitizkio: euskarazko komunikabideei lizentziak kenduz, English eredua bultzatuz D eredua bultzatu beharrean, euskara ikasi nahi dutenei limosna bat emanez, euskaltegiak batere lagundu gabe, euskal ekitaldiak eta ekimenak gutxituz... labankadak bata bestearen atzetik, eta inolako eragozpenik gabe.Nik galdetzen diot neure buruari: Nafarroako Gobernuak euskara errespetatuko duelako esperantzarik ba ote dugu? Garbi dago ezetz.  Hala ere, euskaldunok ez gara kokilduko, eta horrexegatik maiatzaren 15ean euskararen alde gauden guztiok Iruñera joan gara, Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko.Hala eta guztiz ere, behin eta berriz burura datorkidan zalantza bat daukat. Guk, euskaldunok, eskubide batzuk ditugula gogorarazi behar diegu euskara lagundu nahi ez dutenei, euskara gorrotatzen dutenei, euskaraz ez dakitenei, euskara desagerrarazteko ahaleginak egiten dituztenei, arduradun politiko eta kargu publikoei; eta beti, edo gehienetan, manifestazioetan erabiltzen ditugun leloak euskaraz daude idatzita. Ez ote litzateke hobe izango aldarrikatzen ditugun lelo horiek gaztelaniaz ere idatzita baleude? Ulertu nahi eta ulertzen ez dutenei errazago ulertarazteko eta irakurrarazteko?  Apika hausnarketa antzua izango da, baina nik jende horri argi azaldu nahi diot eskubide batzuk ditugula eta ezin dituztela baztertu edo zokoratu, nahiz eta bestelako pentsamendu politikoa izan.akinlo@euskalerria.org