Duela zenbait hilabete, zutabe honetan esan genuen jakin bagenekiela "gerra-ondokoa gerra bera baino okerragoa izanen zela". Metafora horren helburua zen halako eszeptizismo bat agertzea politiko batzuek erabilitako beste metafora batzuen aurrean, horietan esaten baitzuten atzeraldia gainditzen ari ginela. Gure entitateetan egunero-egunero izandako esperientziak sortzen zuen eszeptizismo hori: gero eta jende gehiago laneratzeko eta gizarteratzeko programetan, gizarte jantokietan, lan poltsan... Zenbait hilabete geroago, finantza merkatuen bultzada suntsigarriaren ondoren, zigor itxurako hainbat neurri zorrotz jarri dira abian, eta, egia esan, badakigu horiek nola hasi diren, baina ez nola bukatuko duten, eta are gutxiago ekarriko dituzten ondorioak. Neurri horiek dira, besteak beste, administrazio publikoaren mende dauden langileen soldatak murriztea, baina gero ziur aski sektore pribatura igaroko dira, eta, azkenean, lan erreforma orokor baten barnean kokatuko dira - kasik onartuta dago jada - ; horrek guztiak pentsarazten digu berriz ere nahi dutela gizartearen zati jakin batek egitea krisialditik ateratzeko ahalegina, hain zuzen ere, hondamen izugarri hau asmatu eta ekarri ez duenak.Eta, azkenik, nahiz eta askok eta askok aztertu duten jada zein izan den krisiaren sorrera eta arrazoia, inor ez da ausartzen egoera hau benetan sortu dutenei faktura ordainaraztera, hau da, finantza entitate zehatz batzuei; izan ere, egungo sistema ekonomikoaren jokamolde handiak jarraitzen du indarrean: "merkatua" eta horren interesak daude pertsonen gainetik.