SALGAI EGON BEHAR EZ LUKEENA EROSTEN DA

Joseba Bakaikoa 2010ko mai. 28a, 00:00

Lurralde pobreetan, -Afrikakoak batez ere-, enpresak, partikularrak eta beste herrialdeetako gobernuak gero eta lurralde gehiagoren jabe bihurtzen  ari dira. Eta hori diru truke lortzen dute.Lur eremu zabal hauek, Ipar Amerikako eta Europako biztanleontzat elikagaiak, ura, e.a. emango dizkigute. Bioerregaien arloan gero eta sartuagoak gaude aberatsak, oraingoz gastatzen dugunaren %10a da. Bioerregai hauek lur landuetatik ateratzen dira eta geuk geure garraiorako erabiltzen ditugu.Fenomeno honek beste koska bat ere badu. Eta oraingoan ere behartsuen aurrean agertzen da koska hori. Gero eta behartsu gehiago dira beraien giltzurrunak saltzen dituztenak. Zertarako? Dituzten zorrak - kasu batzuetan zor ikaragarriak- kendu ahal izateko.Etiopian, hamahiru miloi pertsona baino gehiagok ezin dute behar dituzten elikagaiak lortu, eta aldi berean hiru milioi hektarea saldu dituzte azken urte hauetan. Lur erosleak ez dira edozein lur eremu erostera joaten. Lur onenen jabe bihurtzen dira eta nekazari asko betidanik landu dituzten lur hauetatik alde egin beharrean aurkitzen dira. Eta nora joaten dira? Hirietara, noski. Eta hiriak gero eta biztanle gehiago jasotzen ari dira. Eta zer egin dezakete pertsona hauek guztiak hirietan? Gure Sakanan gertatzen ari den bezala, langabezian egon. Baina zenbakitan langabezia errealitate gogorragoa da eta etorkizunera begira ere krudelagoa.Orain arte, Afrikako 20 naziok bost mila hamar hektarea saldu dituzte. Hau da, Iberiar Penintsularen  pareko lur eremua.Eta oraindik harritu egiten gara gero eta afrikar jatorriko pertsona gehiago gure artean ikustearekin? Zer etorkizun eskaini diezaiekegu? Ez da inoren gustuko bere lurraldea utzi eta beste lurralde ezezagun batera joatea, eta gutxiago zer gertatuko den eta zer etorkizun izango duen jakin gabe alde egitea.     Eta guri, zer?  Laino batean bizi gara, nik azaltzen ditudan datuak ez dira komunikabideetan esaten eta gainera interes handia dago gu ezertaz ez konturatzeko. Jendeari ematen zaigun mezua ondo bizitzekoa da, baina ez zaigu esaten gu honela bizitzeko zer sarraski egiten den eta esaten dutenak baztertuak dira. Nire ustetan erreakziorik gabeko gizarte bat eraikitzen saiatu dira interes ekonomiko handiak dituzten gutxi batzuk eta lortu dute, bestela ez da normala inguruan gertatzen diren guztiak gertatu (arlo guztietan, kulturalean, ekonomikoan, politikoan...) eta asko jota aldamenekoarekin komentatzen da. Baina non geratu da gizarteak erreakzionatzeko ahalmena... deuseztu egin dute, poliki-poliki, burua txikikeriaz eta arinkeriaz betetzen ahalegindu dira eta ondorioa, ia berdin zaiola gizarteari orokorrean munduko beste muturretan gertatzen dena eta askotan aldamenekoari gertatzen zaiona ere bai. Hor daude boluntariotzako datuak; gero eta txikiagoak!