EMAKUMEOK GURE GORPUTZAREN JABE!

Bilgune Feminista 2010ko mai. 28a, 00:00

Gaur egun Euskal Herrian ezin ditugu gure gorputzaren gaineko erabakiak modu aske batean hartu. Gure gorputzean interes ekonomiko, politiko eta ideologikoek eragin nabarmena dute. Eredu estetikoak, depilatu beharrak, edertasun kanon bat imitatzeko beharra, gure gorputzaren zati anitzek duten balio ezberdina, gaixotasunei aurre egiteko erabiltzen ditugun metodoak, haurdunaldia eta amatasuna bizitzeko ereduak, abortatzeko eskubidearen ukapena, heterosexualitatearen nagusitasuna ... Horrek gurea den eta gure jabetza beharko lukeen gorputzean mantendu, aldatu, sortu ..., azken finean, erabaki nahi duguna sistematikoki ukatzen jarraitzea eragiten du. Gaur egungo osasun eredua jendartean dagoen emakumeon zapalkuntza estrukturala ez du bere gain hartzen. Ez du emakumea azterketarako objektutzat hartzen. Gainera, emakumeok pairatzen dugun zapalkuntzak osasunerako eskubidearen eskuragarritasunean ere diskriminazio egoerak sortzen ditu (Besteak zaindu behar izatea, gure burua zaintzeko denbora falta, emakume pobreok dugun zailtasun ekonomikoa, lanaldi bikoitzaren ondorioak ...). Gaixotasunen sintomak ekiditera bideratzen dira programa gehienak, prebentzioa albo batera utziz. Ez da heziketan oinarritzen eta horrek pertsonon autonomiaren galera dakar. Emakumeon osasuna amatasunarekin lotuta dago guztiz. Perspektiba feministarik gabeko osasun eredu batek ez ditu ez gure gorputza ezta gure erabakitzeko eskubidea onartzen. Horren adibideak dira ginekologia zerbitzuetako murrizketak, abortuaren legea eta transexualitatearen patologizazioa.