GIZARTETIK AT

Zoila Berastegi 2010ko eka. 4a, 00:00

Badira beste mundu bat posible egiten duten hainbat ekimen, hainbat pertsona eta pertsonai, hainbat nahi eta izai, hainbat olerki eta antzerki... norbaitek baten bat esaten baleki... ba horixe da nire asmoa gaurko honetan. Beste mundu bat posible dela ikusi baitut oholtza gainean.Federico García Lorca, "Bernarda Albaren etxea" izeneko obran, Adela, Martirio, Angustias, Bernarda bera eta gainontzeko alaben eta zerbitzarien entzierroaz mintzo da; gizon baten heriotzaren ohorez zortzi urtez jasan behar duten doluaz. Emakumeen entzierroaz ari da; kalea debeku bihurtzen denean, barrenak "askatasuna" oihukatzen duen arren. Beltza egun eta gauen kolore bakar bilakatzen denean, maitasun desioak azaleko poro guztietan sumatzen diren arren. Horren inguruan idatzi zuen Lorcak bere lana, eta lan hau oholtza gainera eraman duten bederatzi emakume ekarri nahiko nituzke gogora. Beraiek ijitoak dira, El vacie izeneko Sevillako auzo pobre batean bizi direnak, ez irakurtzen ez idazten ez dakitenak. Eta orain, handik hona dabiltza "Bernarda Albaren etxea" antzezlana antzezten; oholtzak kolorez betetzen, beraien hizkeraz eta batez ere beraien presentziaren indarraz. Lau paretetan ez baina, zerua bera entzierro bilakatzen den errealitatea salatzen dute, nahi gabe agian edota nahita. Lorcak berak ez zuen bere garaiko gizarteak derrigortzen zion bidea jarraitu, eta bere askatasunaren ordaina heriotza bera izan zuen. Mundu normalizatu honetan, desberdina dena baztertzen da. Antzezlan hau ordea, aniztasunaren, egiteko eta izateko, bizitzeko eta sentitzeko beste modu baten, beste mila moduren aldarrikapen bat da. Zalantza daukat nork gizarteratzen duen nor.