Ardatzari hiru buelta gehiago eman dizkiote, dolarean behartuta gauzkatenok oraindik areago maspildu asmoz. Zuku politikoa atera nahi digute presoei zein senide eta lagunei. Batez ere krisialdiko lehorte honetan. Efikazia itxuraz mozorrotu nahi dute ezinen paradigma. Eragile pozoidun gehigarriak besterik ez dira gorrotoa eta mendekua. Hatz markak hartuko dizkiote hemendik aurrera preso bat bisitatzera doan bakoitzari. Lehen aldiz doanari argazkia aterako diote. Barne Ministerioko fitxategian behin betirako kateatuta geratuko gara. Polizia-etxean atxilo sartzearen antzekotasun bera izanen du presoa bisitatzeak. Araua berria da, geroak erakutsiko digu nola gauzatzen den: zein adinetik aurrera hasiko diren haurrak hatz markez fitxatzen, edo sarea hainbesteraino sofistikatu den honetan trafikoko edozein poliziak jakin ahal izanen duen zein preso bisitatu duzun non eta zenbat aldiz. Bisitak eskatzeko modua, berez zaila, erabat zaildu digute, askorentzat ezinezko bihurtuz: telefonoz bestaldean esaldi anonimo automatizatu batek "sakatu halako zenbakia" esango dizu, ondoren "sakatu beste hau", eta horrela... hieroglifiko bihurtuz bisita eskatze sinple bat. Presoak azken muturreraino isolatzea da helburua, familia eta herriarengandik banatzea. Zutabe osoa behar zuen beste gai batek, berria hau ere: polizia txosten bat agertu da dioena, beste hainbat arauren artean, zenbait presori tratu adeitsua eman behar zaiela eta beste batzuei, aldiz, epailearen akusazioa berresteko aitorpenak atera behar zaizkiela. Garbi dago galdeketa talde bereziak daudela. Tratu txarrek ere onartuak dirudite. Dena da legez kanpokoa. Egia argitzea da gutxienekoa itaunketetan. Bagenekien, orain frogatua geratu da. Hara hemen hiru arrazoi gehiago Puertorako Martxako partaide izateko. Garaiz gaude.