Orain dela hamaika urte hitz berria sortu eta ziplo sartu zen gure hiztegian. Izenak bazituen ezagun eta ulergarri zitzaizkigun arrastoak, izenak bere baitan zuen ''udal''etik eta ''biltze''tik, eta hitz eta egitasmo batean Euskal Herri osoko udalak batzen zituen. Gainera, ez zen hitz hutsa, hitzak berarekin zekarren izana. Asmo horrek, hitzarekin batera, martxan jarri zuen Euskal Herri osoko auzolana; izenak benetan zuen izana.Auzolana —auzolan nazionala—, Euskal Herri honen beharrak eta premiak halakoxeak direlako.1999ko irailaren 18an, Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeetako ia 1.800 hautetsi Bilboko Euskalduna Jauregian bildurik sortu zen Udalbiltza, Euskal Herriko Udal eta Udal hautetsien Biltzarra, Euskal Herriko historia garaikideko lehen instituzio nazionala.Udalbiltzaren sorrerako adierazpen politikoan bost helburu hauek zehaztu ziren: 1.Aldarrikatu Euskal Herria nazioa dela; 2. Lagundu Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen; 3. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bulkatu; 4. Probintzia guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen lagundu; 5. Nazioartean Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adierazi.Ordutik aurrera, Udalbiltzak egitasmo ugari gauzatu zituen.Baina, eta egindako lana inolaz ere delitutzat hartzeko arrastorik egon ez arren, 2003ko apirilaren 29ko goizaldean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zen Baltasar Garzonek aginduta, Espainiako poliziak Udalbiltzaren egoitzak prezintatu zituen eta 8 pertsona, Udalbiltzako hautetsi eta langileak, atxilotu zituen.Aste batzuk barru, uztailean, Udalbiltzaren aurkako epaiketa hasiko da. Instituzioa bera epaitzeaz gain, 22 pertsona epaituko dituzte.Libre nahi dugu, ordea, Udalbiltza; libre nahi ditugu Euskal Herriaren aldeko langintzan ari diren hautetsiak; euskal herritarrok libertate guztiarekin aritu nahi dugu-eta gure herria eraikitzeko auzolanean.Horregatik, ardura zaitez eta eska ezazu informazioa, bildu zaitez Sakanako herrietan ostiral honetan Udalbiltzaren aldeko babes taldeak osatzeko hots egin duten batzarrera. Eta adierazi Udalbiltzaren beharra bihar, larunbata, udaletxe aurrean eguerdiko 12:00etan egingo diren Udalbiltzaren aldeko bilkuretan: Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari.