Orain aste batzuk Guaixeko kontrazalean 11 galdera atalean Mikeldi Diezek hauxe zioen: " Langabeziarik sor dezakeen gauzarik larriena etsipena da". Hausnarketari ekina, aitzurra hartu eta Akuilu esperientzia abiatu dute Altsasun. Gazte zenbaitek baratze lanari heldu diote eta hainbat barazki hazten hasi dira azken aldian Altsasuko bazterretan esku eta izerdi gazteak.Lehen munduan azken belaunaldietan baratze lana gainbeheraka zetorren, neurrigabeko ustiapen nekazaritza gailentzen, Monsanto jauntzen, merkataletxe erraldoien nagusitasuna finkatzen, eta janari lasterraren eredua noranahi hedatzen. Prozesu honi aurre egiteko, ordea, ekinbideak sortu ziren. Italian 1989an Slow Food mugimendua eratu zuten eta mundu osora fite zabaldu da, berezko haziak gordetzeko ekimenak ugaritu dira, hiri nahiz herrietan baratze lanketa bultzatzeko programak bideratu dira. Zelanda Berriko Auckland-en esaterako diabetearen kontrako programa batean baratze zaintza proposatu dute Manukau-n, handik gertu Basque Reserve-n ere lur puskak eskaini dizkiete herritarrei.Bada, antipodetako Basque Reservetik Arkangoaraino belaunaldi berrien lurreratze bat ikusten ari gara, " lurra zainduz norberak landatzen duena jateko hautua eginez , ekoizpen izugarririk gabe kalitatea hobetsiz ". Horrekin batera informazio eta produktuen trukeak datozke, hots, komunikazioa, baita ariketa fisikoa eta aisialdia betetzeko modu kreatiboa ere.Sakandarren Egunean banatzen den sari bati Urrezko Aizkora deritzaio. Aurten udazkenean eginen omen da. Hautagaiak baratzetan bilatzeko ideia luzatzen dut hemendik. Anartean ongarriarekin onbidea betor. Bejondeiela ari direnei.