Egunero goizean lanera joaten naizenean Euskadi Gaztea entzuten dut, eta esker ona besterik ez daukat horrelako irratia eta musika entzuteko aukera dudalako. Baina bada denboraldi bat nora ezean eta harrituta sentitzen naizela Di-da saioa entzuterakoan.Jon Gotzon izeneko esataria da neure onetik ateratzen nauena. Benetan diotsuet ez dudala deus pertsona horren kontra, eta barka nazala, baina zur eta lur gelditzen naiz entzuten diodanean, esaterako: "Bada chavaleria bat que esaten du...porque ez dago ados...", eta horrelako perlak botatzen ditu! Gainera, beste esatariak ari direnean, Jon Gotzonek beti zer edo zer esan behar du, elkarrizketa moztuz, bere ziria sartuz, ahots sudurkari batez. Nire uste apalean barregarriarena egin nahi duela, hala ere, nik ez diot sekula ikusten non duen edo non esaten duen grazia.Bada, irakurle, horren inguruan datorkit hausnarketa. Apika, Gipuzkoaren erdi-erdian, zona euskaldun osoan, grazia egingo du gaztelerako zertzelada horiek botatzen dituenean. Baina ez-oso euskalduna edo erdalduna den tokian bizi garenontzat ez du grazia-izpirik ere. Are gehiago, irratia eta telebista izaten direnean entzuten ditugun eredu bakarrak. Batzuetan iraingarria ere iruditzen zait, euskaldun berri asko eta askok euskara ona entzun nahi dute, eta euskara ikastea kostatzen zaigun hainbeste lan, ahalegin, presio eta indar ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Jon Gotzonek erabiltzen duen hizkerak, traketsa izateaz gain, kalterik handiena egiten dio euskarari oinarrizko estrukturetan: gaztelaniatik hartutako hitzek (eta hauek barra-barra erabiltzen ditu) ez dute gehiegizko garrantzirik alderatzen badugu gaztelaniazko estrukturak erabiltzearekin; erlatibozko, kausazko... esaldiak ez baititu erabiltzen.Hainbat lanpostutarako EGA titulua behar da, honek esan nahi du ongi idatz eta mintzatzea derrigorrekoa dela. Nola egon daiteke irratian lanean esatari hori? Grazia egiteko ez litzateke hobe xelebre euskaldun bat hor egotea? Xuberotar bat esaterako? akinlo@euskalerria.org