ESKALADA

Aintzane Garziandia 2010ko eka. 25a, 00:00

Urte guztian eskalada praktikatzeko aukera daukagun arren, rokromodoetan, garai politena orain datorkiguna da; udaberrian nahiz udan mendian eskalatzeko aukera paregabea baitaukagu.Eskalada, hankak eta eskuak edota baliabide artifizialak erabiliz, harkaitz, izotz-horma edo artifizialki prestatutako erliebe bertikaletatik igotzean datzan kirola, edo era horretara burututako igoera da. Pareta horiek naturalak zein artifizialak izan daitezke, eta, horren arabera, eta baita duten zailtasun mailaren arabera, eskalada mota ezberdinak daude: kirol eskalada (10-30 metro bitarteko horma ertainetan egiten da eta, hormak zailtasun maila desberdinekoak izan daitezkeenez, hasiberriek ere praktika dezakete); izotz eskalada (izotzak estalitako hormetan praktikatzen dena); eskalada klasikoa (klasiko edo askearen helburua, bidea ahalik eta finkatze puntu artifizial gutxien erabilita egitea da); eskalada artifiziala (horma artifizialean egiten den kirol eskalada); bouldering-a (modalitate hau atletikoa eta oso segurua da); eta big wall-a (izenak dioen bezala, horma handietan praktikatzen dena).Edonork egin dezakeen kirola da, baina komenigarria da hasi aurretik eskaladaren ezaugarriak behar den bezala ezagutzea. Izan ere, teknika menderatzea oso garrantzitsua da kirol honetaz gozatzeko. Indarra ere garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa orekaren sekretuak ezagutzea. Kirol hau egiteko material berezia erabili behar da, besteak beste: sokak, kaskoa, arnesa eta arropa egokia. Beraz, eskalatzen hasi aurretik ezinbestekoa da erabili behar diren materialen egoera ona dela ziurtatzea.Teknika menperatu eta materialaren egoera aztertu ondoren ere, ez ahaztu oinarrizko segurtasun neurriak hartu behar dituzula pareta eskalatzen hasi aurretik. Izan ere, kirol hau, segurtasun neurri egokiak hartzen ez badira behintzat, arriskutsua izan daiteke. Beraz, gogoratu: ez zaitez joan bakarrik mendira, kontsultatu itzazu meteorologia zerbitzuak, prestatu ezazu aurretik bidaia eta emaiozu gutxienez pertsona bati egingo duzun ibilbidearen berri.Euskal Herrian eta gure inguruetan toki paregabeak ditugu eskalada praktikatzeko. Era guztietako paretak aurkitu ditzakegu, paisaia eta inguru ikusgarrietan kokatuta.