Azken urteotan ikusi dugu nola nazioarteko erakunde ekonomikoek (Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua, Rating agentziak...) huts egin duten euren aurreikuspen makroekonomikoetan. Erakunde horietako batek ere ez zuen iragarri 2008an bankaren eta aseguru-etxe iparamerikarren kataklismoa, eta benetako zalantza sortu da beren aurreikuspenen baliotasunari buruz, baita euren iritzien atzean ezkutatzen diren interesei buruzkoa ere.Iritzi horiek kontuan hartzen dira oraindik ere, eta modu erabakigarrian eragiten dute gure eguneroko bizitzan. Horren adibide nagusiak dira estatuko defizitaren murrizketa bortitza, lan merkatuaren erreforma, edo aurrezki kutxetan gertatzen ari diren aldaketa sakonak. Ez da gehiegikeria esatea entitate horiek egungo eredu ekonomikoa bultzatzen jarraitzen dutela, eta gainera hori baldintzatzera ere ausartzen direla, nahiz eta neurri horietako askoren eraginez gizarte sektore jakin eta eskualde batzuk merezi duten garapenetik kanpo gelditzen diren. Pentsamolde makro batetik pentsatutako eredu baten aurrean gaude, eta bere urruntasunetik, horrek erabat baldintzatzen du hurbileko mundua - mikroa - ; horrela, gizartea, oro har, parte hartzeko edo erabakitzeko edozein prozesutatik kanpo gelditzen da, eta gertaera historikoen ikusle hutsa da. Eredua irauli egin behar dugu, eta ingurukotik pentsatutako ekonomia eredua bultzatu, komunitateek ongi baitakite zer potentzialtasun duten eta zer den gehien komeni zaiena. Hori da benetako toki-garapenaren eta demokrazia ekonomikoaren oinarria.