Maiatzaren 21erako bi orduko paroa deitu genuenetik hainbat gertakizun bizi izan ditugu Sakanan. Nafar Gobernuak bere burua zuritzeko egiten ari den ahalegina da horietako bat: inbertsio eta berrindustrializazio iragarpenak, bilerak enpresariekin... Propaganda horrek argiago uzten du orain bizi dugun egoeraren ardura haiena ere badela; ez dira desindustrializazioa gelditzeko gai izan, eta oraingo iragarpenek ez dute estaltzen ez hainbat enpresen itxieretan duten ardura, ezta bata bestearen atzetik sinatu dituzten EEE-tan ere. Izan da "Sakanan bizi eta lan" leloa defendatu duen mobilizazio gehiago ere. Sakana Abianen deialdia (politikoa zenaren aitzakiarekin) boikoteatu eta langileen arteko elkarlana eta batasuna bultzatu beharrean, lantegietan eta kaleetan kaka zabaltzen ibili zirenena, hain zuzen ere. Beste batzuk ordea, Mank-en kasu, ez dirudi inolako asmorik dutenik ezer egiteko; ez langileen alde ateratzeko ezta euren egoerei irtenbideak bilatzeko ere. Guk gurearekin jarraitu dugu. Agindu genuen bezala, ari gara aldebikoak egiten eskualdeko hainbat eragilerekin eta bukatutakoan horien berri emango dugu. Dena den, hilabete honetan deigarriena PSOE-PSN eskutik langileok jaso dugun kolpea izan da. Ekainaren 16an onartu zen dekretuak ondorio latzak izango ditu: langileak kaleratzea merkeago izango da; (gainera, dirusarien zati garrantzitsu bat enpresarien poltsikotik ez, diru publikotik aterako da) enpresariek ez dute zertan errespetatu lan hitzarmenek diotena (soldatak, lanegunak...); aldi baterako lan enpresen jarduera erraztu eta handituko da...Ezin ditugu ahaztu orain arte hartu diren beste neurri batzuk: BEZ-aren igoera, pentsioen izozteak, soldaten jaitsierak, argindarraren garestitzeak... ezta hartu ez direnak ere: aberatsei zergak igotzea; iruzur fiskalari aurre egitea...Politika ekonomiko honen aurrean, langileon interesak defenditu beharko lituzketen instituzioen jarrerak baina batez ere ekintzak aztertu ditugu: Nafar Gobernuaren buru den Sanzek uste du lan erreforma arinegia izan dela; Europatik agintzen digutena bete behar dela... non geratzen da autogobernua? Zertarako foru hobekuntza? Non geratu zaigu demokrazia?Horrengatik guztiagatik eta politika ekonomiko zein sozialen diseinuan parte hartu nahi dugulako Sakana Abianek bat egiten du Euskal Herriko gehiengo sindikalak ekainerako deitu duen ekimenarekin. Sakanan Bizi eta Lan nahi dugulako: 29an greba.