Izenburu honekin Moderna planarekin dudan desadostasuna azaldu nahi dut. 2030ean bukatzeko eta besteak beste 77.000 lanpostu sortzeko diseinatu da. Ez dut ez ezkorra ez negatiboa izan nahi, baina agintariendako legegintzaldiak lau urtekoak diren moduan, premiazko krisi garai honetan zergatik ez dira gauzak egiten lehen mailako gai sozialei (oinarrizko elikadura, osasuna eta hezkuntza) lehentasuna emanez eta arreta eskainiz? Zergatik ez da saiatzen enplegua ez desegiten? Zergatik ez dira lanaldi murriztuak jartzen jende gehiagok lan egiteko? Zergatik ematen zaie oniritzia Enplegu Erregulazio Espediente guztiei? Zergatik gastatzen dira 55 milioi euro Abiadura Zirkuituan? Zergatik eman nahi zaio lehentasuna Sanferminen Museoari? Eta abar. Langabetuendako bereziki izugarri den krisi hau duela bi urte ikusten zen. Orduan jarri behar zituzten prebentziorako pilak gobernu eta erakundeek. Gaur egun Nafarroako eskualde askotan langabezia handia dago, baina Sakanan langabezia handiaz aparte badirudi gobernatzen gaituztenen aldetik utzikeri pixka bat dagoela burua altxa ez dezagun.Nire ustez oraingoa enplegu gehiago ez desegiteko garaia da. Horretarako enpresak mailegu bigunekin lagundu behar dira. Orain lagundu behar zaie, eta ez 20 urte barru, beharra duten familiei eta seme-alabak dituztenei. Orain eragotzi behar da 320 euroko pentsioak jasotzen dituzten 3.000 pertsonak edukiontzietan jatekoa bilatzen aritu behar izatea. Azken finean, orain egin behar dena, urgentziaz, eta ezin dugu 20 urte itxaron 77.000 lanpostu izateko. Orain 30,40 eta 50 urteko pertsonak dira laguntzak eta lana behar dutenak, haien seme-alabak, hipotekak eta haien oinarrizko beharrak egunerokoak direlako.