Duela urte bat, Zapaterok eta konpainiak krisialditik ateratzen ari ginela esaten ziguten, eta, gaur egun, gero eta ekintza gehiago jartzen ari dira martxan gauden krisialditik ateratzeko. Nork ulertzen du hau? Azalpen serio bat behar dugu, eta halaxe eskatzen diegu politikoei. Ez da edozein txorakeriarekin azalpenik eman behar, ez; hori ezin dugu inola ere onartu. Aukeratuak izan badira - Estatu mailan merezi ditugun politikoak dauzkagu, -erdiak baino gehiagok beraien botoa eman zietelako izango da, baina ez dira aukeratuak izan inori adarra jotzeko. Eta, zoritxarrez, hori ari dira egiten. Irabazten duten dirua, besteenganako erantzukizun baten truke da; egiazko azalpenak ematea da horietako bat. Politikoak guztion diruaren kontura bizi diren langileak dira. Eta nor dira langile hauen ugazabak? Gu geu. Gure izenean lan egiten dutelako. Honetaz jabetzeko gauza izango bagina! Beste jokaera bat izango lukete "jauntxo" horiek. Sekula ez dute egiazko hitzik ahotan. Ezertaz konturatuko ez bagina bezala tratatzen gaituzte.Eta egia non dago? Politikari hauen bidea, gastuarena izan da. Eta orain? Bide honek porrot egin du. Ez dago dirurik, banketxeetan izan ezik, han bai, han badago dirua, eta lotsa gutxirekin erakusten dizkigute gainera beraien irabaziak. Orain arte gure artean ohiko bihurtu den gastu erritmoa jasangaitza gehiengo haundi batentzat eta zer esanik ez Hirugarren Munduko lurraldeetako biztanleentzat. Eta gero eta jende gehiago dago langabezian. Noiz arte?Bestaldetik, egoera honetan, oso pentsaera gaizto bat zabaldu nahian dabiltza gure artean Mundu hau menperatzen dutenak. Zera da: Europa mailan, gastu soziala, pobreentzako gastatzen den dirua, gehiegi dela eta horrexegatik, diru jario hau moztu egin behar dela.Krisialdi honen zergatia eta hasiera Estatu Batuetako banketxeetan dago. Duela lau urte, jende pobreari etxeak saltzen lepo sartu zirelako, hauek ezin ordaindu eta horrexegatik, bankuetako kontuetan agertzen zen dirua ez zegoen inon, ez baitzegoen dirurik. Zikinkeria hutsa han eta kaka hau guztioi iritsi zaigu.Nor dira banketxeen arerioak? Gu berriz, eta bankarrota honetatik ateratzeko gu ari gara sufritzen. Diru-jabeek ordaintzen diete gutaz gain politikoei, opariak egiten dizkiete eta kanpainak ordaindu eta gero ... Ba beraien esanetara egon behar. Eta guk? Burua makurtu eta aurrera? Ez, jauna.