Uda garaian murgiltzearekin batera, hainbat eta hainbat herriko jai eta festak hasten dira, bertan egitaraua zabala eskaintzen delarik; ikuskizunak, musika, antzerkia... eta pixka bat erreparatzen badiogu, nolakoa, eta zenbatekoa izaten da emakumeon presentzia? Zenbat emakumek jo zuten iaz herriko festetako kontzertuetan? Zenbat emakumeren erakusketak antolatzen dituzte?Ikus dezakegu eremu publikoa emakumeontzat mugatuta dagoen eremu bat dela. Partehartze soziopolitikoan gure ekarpenak egiteko ditugun arazoez gain eremu kulturalean ere gure ekarpena baloratzeko eta publikora salto egiteko hainbat oztoporekin aurkitzen gara. Txikitatik ondo ikasi dugu gure hitzaren balioa gutxiesten, barneratuta dugu guk esateko duguna ez dela garrantzitsua, gure arazoak txikikeriak direla eta transzendentziarik gabeko gaiak interesatzen zaizkigula. Guzti honi aurre eginez arloz arlo hainbat emakume ari dira lanean kultura bitarteko moduan hartuta eredu honekin apurtzen. Euren pentsamendu, sentimendu eta iritziak oholtzetara eramaten antzerki, musika, eta bertsoen bidez. Emakume sortzaileak asko dira, asko gara, baina txikiegia da gure ezagutza, txikiegia hedabideetan, festetan eta kulturan eskaintzen zaigun , elkarri eskaintzen diogun tartea.Horregatik, euskal herri parekidearen aldeko borroka honetan kulturatik egiten den lan honi bultzadatxo bat eman nahi diogu, web orri baten bidez euskal herrian emakumeek egindako ekarpen kulturalen baliabideen zerrenda bat eginez, aurrera eramaten diren ekimen kulturalak bilduko dituen agenda aktibo bat martxan jarriz eta pixkanaka kultura arloan emakumeek egiten dutenaren berri jaso eta zabalduaz., www.emakumeokplazara.org.Bertan, kultur sortzaileak diren emakumeak dagozkien kategorian apuntatzeko eta egiten dituzten lanak aurkezteko aukera izango lukete. Webgune honen berri, herri eta hirietako jai antolatzaileei zabalduko genieke eta honela jaietan eta ekimen kulturaletan emakumeen presentzia bermatzeko tresna bat izango genuke.Honela pixkana pixkanaka web gunea, emakume sortzaile ugariz osatzea da gure asmoa, eta Sakanan noski, badira hainbat emakume musikari, idazle, artista... euren iritzi, sentimendu, pentsamenduak oholtzetara eramaten ari direnak, horregatik, gonbidapena luzatzen diegu web gunean, fitxa betez, edo gurekin harremanetan jarriz proiektu honetan parte har dezaten, sortuz, sortzen elkarrekin elkartuz atera gaitezen emakumeok plazara! Altxa, kanta, erran Lürren hanixtarzünaAltxa, kanta, eman. Bihotzean düzüna! ( Itxaro Borda)