Patxi Lópezek berriki eskaera arrunt bitxia luzatu dio EAEko herritargoari. ETB ikustera animatu ditu ikusentzuleak. Bai. Ez dakigu ETB-1ez edo ETB-2z ari zen baina hortxe bota zuen aldarria.Iurreta eta Miramongo txoriaren orain arteko txioak denetik izan du, alaitik zein ilunetik, berritzailetik zein narrasetik, libretik zein zentsurapekotik. Telebista guztiak bezala botere baten mezua hedatzeko sortu zen, baina telebista gutxi bezala hizkuntza gutxitu baten garabidea izateko ere sortu zen. Ez zen lantegi samurra, beraz, eta urte batzuk igarota erdal ETB-2 eta Espainiako katea pribatu mordoska gehitu zitzaizkion ikusle harrapaketari oihan itxi batean.Kirol saioen eta haur programazioaren erronkan jokatu zuen handian ETB-1ek eta hortik abiatu zen lehen arraildura: euskal intelligentsiaren zati batek eredu hura ukatu eta kultur produktu kazkartzat jo zuen. Mundu modernoan agerikoa da telebistaren eta herrialde bateko kulturaren arteko harremana. Erresuma Batuko, Espainiako edo Italiako kulturak estuki loturik daude BBCekin, TVErekin edo RAIrekin. ETBk oraino du eginkizun euskal kulturaren euskarri eta erreferentzia izatea. Publikoak bestalde ez dio harrera txukunik egin eta audientziaren eguneroko batailetan, zenbaki hotz eta hutsetan galtzaile suertatu da beti: euskaldunak E.Han % 30 inguru, ETB-1en audientzia iragan urtean % 4, aurten % 2,6.Eskaera inozoa dateke baina ETB-1z erruki gaitezen, ez EITBrengatik, hain gutxi Surio jaunarengatik. Geure hobe beharrez baizik. Ipupomamua-k, Sautrela-k,Kalaka-k, Hitzetik Hortzera-k, Kresala-k, Mugaldekoak-ek... baita noizbehinka Goenkale-k ere ongi merezi dute.