Bukatu da beste ziklo bat. Oporrak datoz. Baina ez kartzeletara. Ezta guretzat ere. Baina batez ere errepresioa da oporrik ez duena, Estatua, beroa termometroan bezala, gero eta gorago igotzen ari baita presoekiko duen zitalkeriaren marra edo digitaletako zenbaki gorriak. Are zitalago udan, festak medio, ageriago geratzen delako herriaren presoekiko sentiberatasuna. Bi datu: Gatzak 30 urte bete ditu kartzelan; betea zuen aspaldi kondena baina, Parot dotrina aitzakia, hamar urteko gehigarri lotsagarria ezarri zioten. Hil honen 8an behar zuen aske, baina lerro hauek idazten ditugunean oraindik kartzelan daukate: kartzelako aspaldiko zenbait gorabeherarengatik zigorren bat omen du oraindik kitatzeko. Agiriano ospitalera eraman behar izan dute: Hirurogei urtetik gora ditu, hainbat gaixotasunak jota aspalditik, gehienak larriak, aspaldian behar zuen kalean, baina preso daukate, nahiz ospitalera eraman behar duten. Eta hainbat kasu horien antzerakoak. Gorroto biziena eta mendeku gose aseezina du esplikazio bakarra. Uda etorri da, oporrak dakartza berarekin, baita presoekiko ardura laxatzeko arriskua ere. Ukaezina da atsedenerako eskubidea, urtean zehar ondo irabazia, baina ezin dugu ahaztu presoak etxera ekartzeko dugun konpromisoa eta erantzukizuna. Udak mila aukera eskaintzen digu. Festak nonahi eta noiznahi, herri orotan dago presoak gogoratzeko ekintzaren bat. Balia ditzagun, izan gaitezen partaide. Egin tartetxo bat presoei. Senideok hiru ekintza burutuko ditugu ohi dugunez, presoen errealitatea gogoratzeko: errepidera aterako gara uztailaren 31n, hondartzetara abuztuaren 8an, eta Loiolan egonen gara abuztuaren 1ean politikoen aurrean. Ez dira senideon ekintzak soilik, denonak izatea nahi dugu. Eraman diezaiegun presoei ziega barneraino gure sentiberatasunaren eta etxera ekartzeko erabakiaren freskotasuna.