OSKAR, GOGOAN ZAITUT.

Adelaida Kintana 2010ko uzt. 16a, 00:00

Inoiz pentsatu duzu zeure buruaz beste egitea, irakurle? Nik ez dut horrelako tentaziorik sekula izan, baina orain gure herria astindu duen gertaera jasan dugu, eta horrek suizidioaren inguruko hainbat hausnarketa eragin dit, eta aldi berean, beldurra eta dardara desatsegina.Nik uste dut heziketa kontua dela, gure kulturan zergatik onartzen dugu errazago heriotza istripuz izan bada, adibidez? Gure heziketak ez digu irakatsi askatasunez bizi behar dugula, gure gorputza geurea dela (horra abortuaren inguruko eztabaidak) eta gure bizitza ere geurea dela. Oso zaila egiten zaigu nork bere bizitzarekin zer egin nahi duen jakiteko askatasuna duela onartzea. Eta norena da orduan gure bizitza?Hartzen ditugun erabakiak hartzen ditugula errespetuz, naturaltasunez eta askatasunez onartuko bagenitu, naturaltasunez ere hitz egingo genuke esaterako suizidioari buruz, karga dramatikorik, morborik eta ikuspegi negatiborik gabe.Dena den, alde bat oso txarra du bere buruaz beste egitearen ideiak:  hemen gelditzen denarentzat izugarrizko putada dela, familiarentzat batez ere.Garbi gelditu zen, Oskar, zure joate horrek herri osoa zur eta lur utzi zuela, izualdi ederra hartu genuela denok, baina, batez ere zure familiak. Hala ere, jakizu zeure bizitzaz zerorrek erabakitzeko ahalmen ukaezina duzula.Baina, bestaldetik, badakizu zenbat galdera gelditzen diren airean? Inoiz erantzunik jasoko ez duten galdera mordoa buruan bueltaka? Horrek inpotentzia eta ezinegona sortarazten digu etxekoei eta lagunoi, eta inpotentzia horrek erruduntasun sentsazioa areagotuko du. Baina espero dut, eta hala desio ere, inpotentzia hori kontrolpean izatea lortuko dugula eta bihotzeko txoko batean geldituko dela betiko, zu nire bihotzean zauden bezala.akinlo@euskalerria.org