Urtero moduan eta, batez ere, jende pilaketa gehien dagoenean, Renfe Media Distanciak eskaintzen duen zerbitzu publikoa penagarria da, gutxienez Iruñea eta Gasteiz artean eta alderantziz. Zehazki uztailaren 11n. Iruñetik Gasteizerantz 16:40an abiatzen den trenak bere lehen unitatean ez zuen errefrigeraziorik, bidaiariak lurrean eserita zeuden eta ahal zuten moduan haizea ematen zuten. Renfeko arduradunen lotsagabekeriaren aurrean interbentoreak ez zekien zer egin. Altsasuko geralekuan, tren bikoitza zenez, erdia geralekutik kanpo gelditu zen. Hiruzpalau bidaiarik hala jaitsi behar izan zuten trenetik, gutxienez hanka bihurtzeko arriskuarekin. Egia da urtean zehar tren garraioaren inguruko kexa gutun ugari argitaratzen direla. Baina inork ez dio konponbiderik jartzen, ez Renfe Media Distanciak, ez Nafarroako Gobernuak eta abar. Mesedez, halako bidegabekerien aurrean neurriak har itzazue, eta jar itzazue tren erosoagoak, inori bero kolpea eman eta gero penetan ibili aurretik.