Iritsi da eguna, nahiz eta penagarria izan, hauxe da nire azken idazkia gure aldizkarian. Jadanik ez dut hitz gehiagorik idatziko, baina bai irakurri. Gure aldizkaria da eta jarraituko dut, orain arte bezala, fideltasunean.Badaramatzat hiru urte idazten eta bada garaia besteren bati nire lekua uzteko. Hilero idazki bat idaztea oso esperientzia ederra izan da niretzat, Oso gauza gutti dela dirudi, baina bere lana dakar berarekin (gaia aukeratu eta pixkanaka-pixkanaka, gorputza ematea).Hiru urte hauetan zehar idatzi dudana aztertzerakoan, gai ezberdin asko ikutu dudala argi eta garbi ikusten dut. Gure mundu honek berarekin dakar aniztasuna eta ezin dugu edozein modutara bizi, agian non gauden ere konturatu gabe. Munduko futbol txapelketa hau bukatuta, "Hau bai dela" idazkia irakurri eta berriro zera esaten dut: A zer nolako Mundua ari garen eraikitzen! Esate baterako, Casillas eta bere lagunek, 11 miloi euro baino gehiago jasoko dituzte txapelketa hau irabazteagatik. Ez dakit zenbat miloi gastatu duten Espainia taldearen zaleek. Pentsatzen hasita, sarreren salneurriak, bidaiak, hotelak, janari eta edariak... Nora goaz horrela? Nork ulertu hau?Konturatzen al gara krisialdi gogor batean murgildurik gaudela? Estatu mailan lau milioi pertsona baino gehiago langabezi gogor bat bizi izaten ari direla eta leku askotan langabezian ez erortzeko benetako mirariak egiten ari direla? Eta hau jakin arren ere, horrelako ekintzak egin eta erabakiak hartzen ari dira? Panem et circenses, ogia eta jaia. Erromatarrekin alderatuz ez gara hainbeste aldatu.Gure lurrak badu denontzat lekua; hobe esanda, izango luke, denon oinarrizko beharrak asetzeko erabiliko bagenu; baina ez da horretarako erabiltzen, boterearen beharrak asetzeko baizik eta boterea ez dago herriaren eskutan, jauntxoen eskutan baizik". Agur eta opor ederrak bizi. Ez diot zuen bihotzei minik eman nahi. Mila esker; batez ere, Guaixe aldizkariaren arduradunei, horrelako esperientzia ederra bizitzeko aukera eman didazuelako.