Gure etxeetatik ateratzen den zaborra nora doan inoiz pentsatu al dugu? Kontenedorera bota eta hurrengo egunerako desagertua da. Mirari ederra gero!Indarrean izan diren Zaborren Kudeaketa Plan guztiek Gutxitu-Birziklatu-Berrerabili esaldi famatuan oinarritu diren arren, ezer gutxi egin da bide horretan. Orain artekoan bilketa selektiboa borondatezkoa izan da, eta Gutxitu eta Berrerabiltzearena erabat baztertuak izan dira kontsumoaren mesedetan. Gaur egun oraindik darabilgun sistema honen eraginkortasun eza ikusteko kalera atera besterik ez dugu: birziklatze tasa eskasak, zaborren nahastea, birziklaezinak diren produktuak...Europako legediak zabortegien ixtea dakarren honetan, orain arteko gure zabor kudeaketan aldaketa eskatzen digu. Egoera honen aurrean, bi aukera plazaratu dira nagusiki: alde batetik , orain arteko bilketa sistemaren berdinarekin jarraituz zaborren erraustea, eta beste aldetik , atez-ateko gaikako bilketa selektiboa.Zentzu honetan, Nafarroako Gobernuaren proposamena, Tafallan, Nafarroa Garai guztirako erraustegi bakarra jartzearena izan da. Puntu honetara iritsita, zentzurik ba al du Sakanatik Tafallaraino zaborrak garraiatzea ondoren bertan su emateko? Su eman ondoren, errendimendu eskaseko sistemen bidez, elektrizitatea sortu eta "Energia Berriztagarri" moduan salduko digute. Baina lasai, keak Tafallan geratuko dira eta...Honen aurrean, Euskal Herriko beste herri batzutan martxan den Atez-ateko bilketak, gaikako bilketa selektiboa du ardatz; zabor nahasketa ekidin eta birziklatze tasa altuak lortzen dituena. Zentzudunagoa izateaz gain justuagoa ere bada, Atez-atekoan gehien sortzen duenak, hau da, zerbitzua gehien erabiltzen duenak, gehiago ordaintzen baitu. Gure bailarak dituen ezaugarriak izanda, ez al litzateke zentzuzkoagoa izango hondakin ustelgarriak konpostatzea ondoren gure herrietako baratzak biziberritzeko?Amaitzeko galdera-erantzun aukerakNolako ingurumena nahi dugu? a)Osasuntsua b)KetuaGure dirua zertan gastatu nahi dugu? a)Eskualdean lanpostuak sortzen bilketa eta konpostatze lanetan b) Zaborren garraioan eta errausketanErabakia Sakandarron esku dago